2010az geroztik Erronkarin bizi da Asier Telleria (Segura, 1977). Kirol teknikaria da eta neguan ipar eskiko irakaslea da Belaguako eski pistetan. Goierritar askoren leku kuttuna da Erronkari.
Nafarroako Pirinioetako Erronkari ibarreko Burgi herrian pasatu izan ditu asteburuak eta oporrak txikitatik Asier Telleria segurarrak, ama bertakoa baitu. Baina 2010az geroztik, Erronkarin du bizilekua.
Asteburu pasa edo oporretan joatetik, bertan bizitzera alde handia al dago?
Jende asko ezagutzen nuen, kuadrilla eta familia ere bertan nituen, eta ez zen hainbesteko aldaketa izan. Baina egia esateko, astean zeharreko bizitza ez nuen ezagutzen, eta alde horretatik aldaketa handia da. Txikitatik tiradizoa banuen inguru honekiko eta gustuko dudan leku batean nago.
Nafarroako Pirinioetan dago Erronkari.
Mendi giroa dago hemen, denboraldian denboraldiko lana daukagu hemen. Hau gustatu egin behar da hemen bizitzeko. Asteburuetan jende dezente etortzen da, baina astean zehar herri giro gutxi dago. Neguan, Ipar Eskiko Eskola Kanpainarekin bizi gehiago dago, 33 begirale gaude, ostalaritzan ere jende gehiago mugitzen da…
Noiz izaten da Eskola Kanpaina hori?
Urtarriletik apirilera izaten da, eta astero, igandetik ostiralera Nafarroako ikastetxeetako 300 haur etortzen dira ipar eskia egitera. Batez ere, Izaban egoten dira, zerbitzu gehienak bertan daude eta; baina beste herrietara ere iristen da.
Bizibide nagusiak izango dira mendia eta elurra zuentzat.
Bai, urtaroko langileak gara gehienak. Neguan bertako jendeaz gain kanpoko jendea ere behar izaten da eski pistetan. Elurrik gabe ez dugu lanik egiten. Neguan bizia egoten eta da elurrik gabe gaizki.
Inbertsio handiak eginda daude eski pistetan.
Bai, dirua sartuta dago bai. Jende askorentzat prestatuta daude instalakuntzak, baina azkeneko gerra Belaguako mendatearekin daukagu: elur asko egiten du, haize lekua da, elurrak kentzeko makinak ibiltzen dira baina askotan itxita egoten da. Berez, tokia egokia da, kilometro askoko pistak daude…
Zer lan egiten duzu?
Kirol teknikaria naiz, eta ipar eski begiralea naiz. Trabesia ere asko egiten dugu. Emazteak enpresa bat dauka, eta urte osoan lan egiten du, mendiko gidak dira. Menditik bizi gara.
Eta negua bukatutakoan?
Elurra bukatutakoan, etxeko lanez arduratzen naiz; seme bat ere badaukagu. Baratze bat ere badaukagu… Emazteak urte guztian egiten du lana. Hemen inguruan mendi buelta politak daude. Enaran ibilbidea, adibidez, oso polita da.
Zer da Enaren ibilbide hori?
Garai batean bailara honetako emakumeak apretak egitera joaten ziren Maulera (Zuberoa), mendiz mendi. Lau egunetako mendi ibilbide bat dago eginda, aterpetxetik aterpetxera joaten dena.
Orain arte ez da elurrik izan. Iritsi al da elurra?
Bai, zerbait egin du, ez guk nahi hainbeste, baina egin du. Astebukaerarako gehiago egingo duela esaten ari dira.
Elurrik gabe ere, negua luzea izango da Pirinio alde horretan.
Hemengo gizon heldu batek esaten du, bertakoa izateko tximiniak zortzi hilabetean kea bota behar duela. Negutik gustura irtetzen gara bai, udaberriak politak izaten dira eta.
Erronkariko gazteak bertan gelditzen dira edo alde egiten dute?
Oso gazte gutxi gelditzen da hemen, normalean Iruñera joaten dira; asteburuetan itzultzen dira.
Goierritar askoren leku kuttuna ere bada Izaba aldea.
Bai, goierritar asko etortzen da. Gustuko lekua da azkenean gertu dago eta. Familia asko etortzen dira ipar eskia egitera.
Eskiaz gain, Erronkarin gazta ere famatua da.
Bai, gaztagile dezente daude. Baina gero eta gaztagile eta ganaduzale gutxiago dago. Lehen nabaritzen zen, Bardeetatik igotzen zirenean. Oraindik ere batzuk igotzen dira baina ez da lehen bezala.
Eta Burgiko Almadia eguna ere bai.
Bai, maiatzaren 1eko zubian Almadia eguna ospatzen da eta jende asko etortzen da.