Aralarren pistak egiteak ingurumenean «inpaktu gogorra eta atzeraezina» eragingo duela dio elkarteak. Enbak eta EHNEk «datu okerrak, gezurrak eta uste subjektiboak» esatea leporatu diote Aranzadiri
Aranzadi zientzia elkarteak 2002ko azterketako tesiei eutsi die, Aralarren pista gehiago eraikitzeko Enirio-Aralarko Mankomunitateak daukan asmoaren aurka. Ondorioa garbi agertu du: Aralarren pistak egitea kalterako izango da ingurumenarentzat. Ostiralean agerraldia egin zuten Gipuzkoako Batzar Nagusietako Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Batzordean Aranzadiko lehendakari Francisco Etxeberriak eta idazkari nagusi Juantxo Agirrek, EH Bilduk eskatuta.
«Parke naturalaren barruan egin nahi diren bide berriek naturaren eta gizakiaren arteko oreka suntsituko lukete, XXI. mendean ondare naturala babesteko gomendatzen diren ildoen aurka baitoa», azaldu du Agirrek. Aralar parke naturala iaz Kontserbazio Gune Berezi izendatu zela gogorarazi du.
Pisten eraikuntzak «inpaktu gogorra eta atzeraezina» eragingo luke Aralarren. Asmo hori alde batera utzi, eta hausnarketa sakona eskatu die erakunde publikoei eta eragileei, «artzainak, abeltzainak, mendizaleak, biologoak, naturazaleak, turismo bulegoak eta abar» aipatuz.
Abeltzainen sektoreak behin eta berriro eskatutako pista sareak sektorearen oinarrizko arazoei konponbiderik ez diela ekarriko ere gaineratu du. «Presak ahaztu, eta gogoeta egin behar da hondeamakinak bidali aurretik», kritikatu du Aranzadik Mankomunitatearen jokaera. Lanak urrian hasi zituzten, Jentilarritik Goroskintxura pista irekitzeko (4,4 km).
Ingurumenari atentatua
Inguru naturalek ere «beren eskubideak» dituztela gogorarazi du zientzia elkarteak. Pista sarea zalantzan ipini du Aranzadik. «Artzain bakoitzak bere txabolara bidea izateko ideia konpartitzen dugu, baina diseinatu diren bideek ez dute helburu hori betetzen, eta ulertezinak dira. Hondeamakinak sartzea ingurumenaren kontrako atentatua da, eta zoru karstikoa txikitzeak atzerabueltarik gabeko eragina du», ohartarazi dute teknikariek.
Artzaintzaren aldeko mezua bidali zuen Aranzadik, «baina oreka mantenduta»: «Pista horiek gaur egungo oreka eta hurrengo belaunaldiena puskatzen dute». Batzorde bat eratzeko ere esan zuen, gaia lasai jorratzeko.
Sindikatuak «harri eta zur»
Aranzadiri atzo erantzun zioten EHNE eta Enba sindikatuek, Donostian prentsaurrekoan. Batzar Nagusietan aditutakoekin «harri eta zur» daudela diote. «Oinarri zientifikorik eza» leporatu diote. «Aranzadiren agerraldian datu okerrak, gezurrak eta oinarri zientifikorik gabeko iritziak, uste subjektiboak eta argumenturik gabeko balorazioak plarazatu ziren», baloratu zuten EHNEren eta Enbaren Gipuzkoako lehendakari Garikoitz Nazabalek eta Iñaki Goenagak, atzo, atzean hainbat abeltzain zirela.
Aranzadiren azalpenak «onartezinak» dira sindikatuentzat. «Alarmismoa» piztu dute, «aurreikusi edo onartu gabe dauden bideak eta trazatuak onartuta baleude bezala aipatuz, etengabe. Ez dugu ulertzen Aranzadi bezalako prestigiodun elkarte batek zein motibazio izan dezakeen erabat orkestratutako eszenografian parte hartzeko», gaineratu dute sindikatuek.
Enirio-Aralarko Mankomunitateak abenduan onartu zuen Aralarren txabola guztietara pistak egitea, 2015-2019 inbertsio egitasmoen baitan. Mankomunitatea osatzen duten 15 udalerrietatik 10ek eman zioten aldeko botoa. Hain justu, Enbak eta EHNEk esan dute «Aralar mendia Mankomunitatea osatzen duten hamabost udalena» dela. «Mendian lan egiten duten abeltzainen bizi baldintzak hobe-tzearen alde botoa eman zuten».
Txabola bakoitzera irispidea behar dela esatea positiboki baloratu dute, baina Aranzadiri «koherentzia» eskatu diote, Aralar parkearen txosteneko puntu bat aipatuta: «Landa jarduerak mantentzeko eta garatzeko neurriak sustatu, larretokiak sustatu, natur eta kultur balioak kontzerbatzeko bide bezala».
Hala, abeltzaintza estentsiboa «natur eremuaren berme» gisa aitortzeko eskatu dute Enbak eta EHNEk. «Aranzadiren agerraldiak etsipena adierazi zuen, Aralarko abeltzaintza estentsiboak etorkizunik ez balu bezala aritu baitzen. Abeltzainok ezin dugu eta ez dugu etsi nahi, Aralarren egiten dugun abeltzaintza estentsiboak etorkizuna duela sinisten dugulako. Etorkizun duina aldarrikatzen dugu».
Aranzadik, bere aldetik, gogoratu du aurten 70 urte beteko dituela zientzia elkarteak. «Hain zuzen, Aralarren sortu zen elkartea, eta han burutu ziren diziplina anitzetan lehen ikerketa zientifikoak, 1947an. Hamarkada hauetan, Aranzadik Euskal Herriko nortasunean barneratuta dagoen artzain kultura sustatu du, ogibide honentzat etengabeko hobekuntzak defendatuz».
Iturriko ura txaboletan jartzea eta diru laguntza nominatiboak bultzatu dituela oroitarazi du, besteak beste. «Ondare naturala babesten duten estrategiak errespetatzea gure esku dago», bukatu du Aranzadik.
EAJ eta Landarlan, iritziak
Erreakzio soka eragin zuen Aranzadiren agerraldiak, aldeko eta kontrako. EAJk sindikatuen kritika-lerro nagusiekin bat egin du, zientzia elkartea «iritzietan oinarrituta eta alde batera» aritu zela deitoratzeko. Jabier Altuna batzarkideak gehitu du Aranzadiren «iritziek» gizarte kohesioa eta ingurunearen kudeaketa integrala «eragozten» dutela.
Gestioa oso-osorik hartuko duen ebaluaketa eta diagnosi sakona egitea ezinbestekotzat jo du. «Urte hauetan natura gu-neak urrunetik kudeatu nahi izan dira, lurraldeko eragileak kontuan hartu gabe. Denborak erakutsi digu planteamendu hori akatsa zela», esan du Altunak. Natura guneak «urrutitik» kudeatu nahi dituen «eredu teorikoa» gainditu, eta «eredu holistiko baten alde» egin du. Ipar Euskal Herriko kudeaketa eredua egokitzat jo du EAJk.
Landarlan ingurumen elkartea eta Aralar Bizirik taldea, aldiz, Aranzadik ostiralean aurkeztutako irizpenarekin eta egindako proposamenekin «erabat ados» daude.
Hamabost urteren ondoren, atzera auziarekin itzulika
Enirio-Aralar Mankomunitateko 15 herriek eskatuta, Aranzadi zientzia elkarteak 2002an azterketa bat egin zuen, Aralarri buruz. Orduan ere pistak eraikitzeko asmoak hautsak harrotu zituen, eta nolabait auziari bukaera ekarri zion Aranzadiren txostenak, erakun-deek atzera egin baitzuten.
Juantxo Agirrek berak, Marko Sierrak lagunduta, Eusko Legebiltzarrean aurkeztu zituen ondorioak, 2002ko ekainaren 11n. Azterketa «oso seriotzat» hartu zuten talde politikoek, eta ados agertu ziren.