Harremanak gaiztotzea leporatu diote Jasoko langileek zuzendaritzari
Enpresaren egoera ekonomikoa ona dela azaldu dute, baina «diruaren gainetik, eskubide sozialak» bermatzea nahi dutela. «Errespetatuak izan arte indarrean» jarraituko dute langileekItsasondoko Jaso Industrial enpresako langileek, agerraldia egin zut...
Enpresaren egoera ekonomikoa ona dela azaldu dute, baina «diruaren gainetik, eskubide sozialak» bermatzea nahi dutela. «Errespetatuak izan arte indarrean» jarraituko dute langileek
Itsasondoko Jaso Industrial enpresako langileek, agerraldia egin zuten atzo, Ordiziako azokan, asteroko manifestazioaren ondoren. Enpresaren egoera ekonomikoa «ona» dela azaldu zuten, baina zuzendaritzak ez duela «adostasunetara iristeko jarrerarik erakusten» salatu zuten. 2015eko amaiera geroztik hitzarmenik gabe daude. Horregatik, abenduaren 1ean greba mugagabe partziala hasi zuten eta gaur 27. greba eguna da. Bosgarren manifestazioa da atzo egin zutena.Itsasondoko Jaso enpresaren 2015. urteko balantze ekonomikoa ezagutu ondoren, enpresa batzordeak datu horiek sindikatuetako ekonomistekin aztertu dituzte eta «enpresaren egoera ekonomikoa ona» dela ondorioztatu dute. 2015ean, «aurreko urtearekiko, enpresaren fakturazioa %32,4 igo» dela adierazi zuten Jasoko langileek, eta gastu soziala «%26,4 izatetik %20 izatera pasa» dela erantsi zuten. Datu horiek ezagututa, enpresa batzordeak «egoerari irtenbidea ez ematea ulertezina» dela salatu dute.
Langileek zuzendaritzarekin akordio batera iritsi nahi dute eta horretarako «gaixotasun bajetan eta nominaren homogeneizazioan ados jartzea baino ez» dela falta nabarmendu zuten Ordizian egindako agerraldian. Kalkuluak aterata, langileek zuzendaritzari egiten dioten eskaerak «enpresari 20.000 euro inguruko gastua suposatuko» diola gehitu zuten. Diru hori «soldaten igoeratik konpentsatzea» da enpresa batzordeak zuzendaritzari egiten dion proposamena, baina «hori ere ez dute onartzen». Izan ere, soldata igoera «gutxitzea» eskatu dute langileek.
«XXI. mendeko enpresa aurrerakoiek bezala funtzionatu beharrean, urteetan atzera egiten ari» direla adierazi zuen batzordeak.
Bukatzeko, zuzendaritzari mezu garbia helari zioten; «zuzendaritzak Itsasondoko Jaso aurrera eramateko gure laguntza nahi badu, behar duen guztia izango du, baina azken hilabeteetan azaldu digun jarrerak, harremanak gaiztotu eta barne lehiak areagotzen ditu». Hori horrela izanda, «Jasoko langile batzordeak errespetatua izan arte, indarrean jarraituko du».