Ingeniaria eta mendizalea, ikusentzunezkoak gustoko ditu Patxi Razkinek. Midi d'Ossauko ibilbidean grabatu zuen 'Erantzun zuzena' laburmetraia eta saria eraman du Bilbao Mendi Film Festivalen
Kasualitatea edo kausalitatea? Patxi Razkinek (Olaberria, 1969) berak ere ez daki oso ondo azaltzen nola iritsi zen Bilbao Mendi Film Festivalen bere film laburra aurkeztera. Bere barruko sentipenak atera nahi zituen batetik eta, bestetik, ezagun zuen Mendi Film lehiaketa. Biak elkartu eta erantzun zuzena bilatu zuen.
Erantzun zuzena, hori baita bere laburmetraiaren izenburua. Lehiaketaren Mendi Short kategorian lehenengo saria eman dion lana.
Lagun batek eman zion Razkini film laburra egiten hasteko behar zuen azkeneko bultzada: «Koro Irazustabarrenak galdera bakarra egin zidan: Noizko aurkeztu behar duzu?». Lagunaren urtebetetze egunerako bukatu beharko zuen film laburra, 2016ko irailerako alegia. Apiri-lean, martxan jarri zen Razkin eta lehenengo grabaketak egiten hasi zen.
Abenduaren 9tik 18ra, Bizkaiko hiriburuak Bilbao Mendi Film Festival mendia, abentura eta natura gaien inguruko zinema jaialdiaren bederatzigarren edizioa hartu zuen. Horren barruan, duela bi urte jarri zuten abian Mendi Short lehiaketa, eta gero eta indar handiagoa hartu du film laburren atalak ere. Gehienez bost minutu irauten duten lanak dira, eta jaialdian lantzen diren gai berberak landu behar dituzte sail horretan aurkeztutako lanetan.
Alde teknikoa
Ikusentzunezkoen mundua gertutik ezagutzeko aukera izan du Razkinek egindako lanari esker eta berak adierazitakoaren arabera, «oso prozesu konplikatua izan da». Horrelako lana egiten duen lehenengo aldia da. Ideia batekin hasi zen, «oso ideia polita», baina egunak aurrera egin ahala bide berriak irekitzen joan zitzaizkion.
Zer kontatu nahi zuen bazekien Razkinek, «lehenengo ideia haiekin gidoi bat eginda» zuen, nahiz eta nola egingo zuen «guztiz garbi ez eduki». Lehenengo grabaketak egin eta irudiak ikusterakoan, garbi izan zuen hura zela laburmetrairako toki egokiena.
Piriniotan hasi zuen bere ibilbidea Razkinek, Midi d’Ossaun hain zuzen, eta bertan ematen ditu
Erantzun zuzena grabatzeko lehenengo pausoak. Orain dela urte batzuk ezagutu zuen Razkinek Midiko ibilbidea eta hango paisaiak, liluratuta utzi zuten. Lagos de Ayous eta Pic de Cherun ere hartu zituen hainbat irudi.
Bost-sei asteburu pasa zituen Razkinek Frantziako Piriniotan, aukeratutako puntuetan irudiak grabatzen. Bakarrik egin zuen lan guztia, horrek suposatzen duen lanarekin; «Nik agertu behar nuen sekuntzia bat grabatzeko, lehenengo tripodea eta kamera jarri grabatzen, atzera egin oinez eta ondoren berriz ere kamararen aurretik pasatzen nintzen, nire irudia oinez nindoala hartzeko». Mugimendua duten irudiez gain, argazkiak ere erabili ditu,
time lapse izeneko teknikaren bidez, argazki ugari bata bestearen atzean jarrita, alegia. Horrela, mugimendua duen sekuentziaren itxura hartzen du.
Film laburraren lokuzioa prest zuen, egileak berak idatzitakoa, mendiak sortzen dizkion sentipenak kontatuz. Irudiak ere bazituen, politak oso. Hala ere arazo bat sortu zitzaion; musika. Aspalditik «oso garbi» zuen zein izango zen aurreko biei lagunduko zien abestia. «Ludobiko Enaudiren
Nuvole bianche nuen buruan, baina hura erabiltzeko baimenagatik 3.000 euro eskatu zizkidaten». Proiektu guztia bertan behera uzteko egon zen momentu hartan, ez baitzegoen prest dirutza hura ordaintzeko. Marco Zannoneren abesti bat aukeratu zuen azkenean, «oso ondo janzten baitu laburmetraia».
Emaitza sentikorra
Askotarikoak dira mendiaren inguruan sortzen diren sentimenduak. Zaila bada ere, sentipen horiek guztiak pantaila handira eramaten saiatu da egilea. «Oroimenak ekarri, emozioak sortu eta zerbait kontatzen du»
Erantzun zuzenak.
Edonola, kasualitatez edo kausalitatez, lortu du Patxi Razkinek mendiak sortzen dizkion sentipenak ateratzea.