Larrosak izan dira nobedade bakarra; gainerakoan hemengo barazki eta fruituetan berririk ez da izan. Hotza izan da atzoko feriaren marka nagusia, eta saltzaileek nozitzen dute gehien.
Valentziako laranjak.
Hotza nagusi atzo ere eta 0 eta 4 gradu artean bizi izan zuten goizean goizetik eguerdi artekoa feria lagunek. Bakoitzak ahal zuenarekin aurre eginez hotzari. Nonbait, argia hartzeko entxufeetan berogailuak ohikoan baino gehiago sartuz gero, saltatu egiten du, eta beste energia iturri batzuek baliatu zituzten. Aurtengo negua aspaldiko hotzena doa eta nozitzen ari dira astea joan astea etorri orduak hor ematen dituztenak.
Garaia halakoa da. Orain nobebade gutxi. Barazkiengan eguraldi hotz honek izan duen eta izaten ari den eragin aldakorra aipagai da. Izan ere, tokika erneta zeuden ilarrak eta babak, esate baterako, erabat erori dira. Beste batzuek, aldiz, ondo daudela diote. Azaloreak ere eder askoak ikusten dira eta, aldiz, izotzaren ondorioz belztu eta saltzeko itxura galdu dutenak ere badira. Mizpirak bukatu dira.
Larrosak Azanzaren lore postuan nobedade izan dira, eta zaharrak mozteko garaian gaudela oroitzeko seinalea.
Erriberatik Ordiziara
Nafarroako Erriberak Ordiziarekin lotura zuzena du, astero plaza inguruan jarri ohi diren postuetan unean uneko aukera izaten baita. Orburuak dira salduenetakoak, eta izotzak tokika kalte handia egin badu ere, dezenteko eskaintza zen, 5 eta 6,5 euro artean dozena. Neurri honetan saldu ohi da jatorrizko izena Tuterako orburua duen barazki hau, dozenaka alegia. Kardua, piezaka, 4-5 euroan da, eta mahats beltza ere bada, 4 euroan kiloa.
Goen Plazako merkatutxoa
Plazatik gora eta ezkerretara dagoen plazatxo honetara joanez gero, bakailao gazitu postua eta Valentziatik zuzenean ekarritako laranjak aurki daitezke. Azken hauei buruzko informazioa biltzeko baliatu genuen atzoko merkatua, bi mota berri ekarri baitzituen Juan Carlos Costak Laranja Navel Lane Late izenekoa, «Valentziarroi gehien gustatzen zaiguna, azal finekoa, haragitsua eta fibra gutxikoa delako», eta Sanguina izeneko gorrixka: «Hau, berriz, oso antioxidatzaile ona». Clemenvilla mandarinekin osatzen zuen atzoko eskaintza.
Azken astean izan dituzten uholdeak ere kezka bide izan dira eta oraindik heldu gabe dauden fruituengan eraginik izango ote duen ikustear omen da.