Sei urtez udal jardunean aritu ondoren EH Bilduko lehenengo bozeramaile kargua utzi berri du Urtzelaik (Legazpi, 1976). Lau urtez alkate izan da eta bi urtez oposizioan aritu da.Zergatik utzi duzu zinegotzi kargua?Arrazoi pertsonalengatik. Nire bizitza...
Kepa Urtzelai, Legazpiko alkate eta zinegotzi ohia. // Argazkia: Gotzon Aranburu
Sei urtez udal jardunean aritu ondoren EH Bilduko lehenengo bozeramaile kargua utzi berri du Urtzelaik (Legazpi, 1976). Lau urtez alkate izan zen, eta geroztik, beste bi urtez oposizioan aritu da, zinegotzi moduan.
Zergatik utzi duzu zinegotzi kargua?
Arrazoi pertsonalengatik. Nire bizitzan beste pertsonek nahiz proiektuek pisua hartu dute eta udalaren jardunari urteotan eman diodana ezingo diodala eman ikusita hartu dut erabakia.
Aurretik ere lau urtez alkate izan zinen. Guztira sei urte inguru izan dira.
Bai, 2011ko martxoan hasi ginen eta maiatzean hauteskundeak irabazi. Aurretik politikan, ofizialki behintzat, sekula aritu gabe nengoen; herri mailan arlo ezberdinetan bai, baina inoiz ez lehenengo mailan.
Zer eman dizute sei urte hauek?
Legazpi sakon-sakonean ezagutzeko aukera. Herriaren alde lan egiteko parada ere bai; batzuentzat modu egokiago batean arituko ginen eta beste batzuentzat ez horrenbeste. Edonola ere, herriko funtzionamendua barru-barrutik ezagutu dut.
Kanpotik ez da ikusten egiten den lana, ezta baloratu ere. Irabaziko zinegotzi Alberto Bezunarteak dimisioa eman nuen osoko bilkuran antzekoa esan zuen. Egia da. Alkate izateak enpresan eszedentzia hartzeko aukera ematen du, dedikazioa %100koa da. Zinegotzi lanean, ordea, udaletxea, familia eta lana uztartu behar dira eta ez da erraza. Izugarrizko lana da eta kanpotik kosta egiten da ikustea, sartu arte ez dakizu. Zinegotzi lanetan ari diren guztiek meritu handia daukate, berdin du zein alderditakoak diren, guztien lanari balioa eman behar zaio. Gazte jendea udal jardunean aritzea animatu nahiko nuke, beraien etorkizuna modu batera edo bestera izateko aukera dutelako.
Liberatuta izan zinen alkate, baina amaitzen al da inoiz alkatearen lanaldia?
Alkate astelehenetik igandera zara eta edozer gauza sortzen dela ere hor egon behar zara. Norberak ezartzen ditu bere ordutegiak, akaso baten batek deskonektatu dezake errazago, beste batzuei gehiago kostatzen zaigu.
Zerk bete zaitu gehien?
Herri guztia ezagutu eta diru publikoa harik eta modu egokienean kudeatzeak. Legazpiar askoren esker ona jaso dugu eta ez daukat saltzeko hauteskundeen ostean, gobernuan berriro egongo ez ginela genekienean, udal langileekin egindako bazkaria, %90 etorri ziren eta horrekin geratu nintzen. Aurrez aurre lau urtetan lan egin duzun horiek guztiak bazkarira etorri izana garrantzitsua izan zen, lan egiteko izan genuen giroaren isla.
Nork hartuko dizu erreleboa?
Nire ordezkoa badaukagu, baina aste honetan herri batzarra egingo dugu eta hor berretsi beharko da. Berresten dugunean publiko egingo dugu. Behin ordezkoa berretsita eta jakitera eman ostean, bozeramaile lanak nork hartuko dituen erabakiko da.
Politika erabat utziko duzu?
Lehenengo maila bai, EH Bilduk nahi duenerako prest egongo naiz, baina beste maila batean.