Udalak 1.571.250 euroko udal aurrekontua onartu du, EH Bilduren botoekin; EAJ abstenitu egin da. Plan Orokorraren idazketa prozesurako hitzarmena sinatuko dute aldundiarekin
Urtarrilaren 26ko Segurako udalbatzak 2017rako 1.571.120 euroko udal aurrekontua onartu zuen, iaz baino 45.000 euro gehiago. Eñaut Telleria alkateak nabarmendu duenez, diru sarrera nagusia Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru funtsatik jasoko dute, 932.329 euro. Udaletxeko hainbat gastu murriztuta, aseguruetan eta argian ia 10.000 euro aurreztea lortu dutela gaineratu du.
Diru irteerarik nagusiena, Erreboteko prozesuarekin lotuta, herrigunea biziberritzeko erabiliko dute. Telleriaren esanetan, «2017an proiektua zehaztea izango da helburua, herritarron artean zer egin nahi dugun erabakitzea. Horrekin lotuta dago daukagun zirkulazio arazoa konpontzea, herritarren eskaria baita plazako zirkulazioa mugatzea. Pausoak ematen hasiko gara». Zirkulazio plan berriarekin, autobusek bakarrik izango dute plazatik igarotzeko aukera: «Gure asmoa da, inguruko bideak, Bolalekua eta Kale Nagusia konpontzea, eta egoitzatik Bolalekura arteko Kale Nagusiko zatia bi norabidetara jartzea. Horrela, autoak ezingo dira plazatik pasa. Plazako trafikoa nola moztu aztertzen ari gara. Aukera desberdinak daude».
Bestetik, Erreboteko eremuaren proiektua lantzeko
Workshop-a egingo dute arkitektoen jardunaldia antolatuz. Lehenengo aurre proiektua egitea da asmoa.
Ingurumen proiektua
Ingurumen proiektua ere landuko dute aurten Seguran. «Guk ez dugu hondakin bilketan bakarrik zentratzen gaia; harago joango gara, gaia orokorrago landuko dugu». Otsailaren bukaera alderako Hondakin Mahai teknikoa eta zabala martxan jartzea aurreikusten dute.
Era berean, Segurako Plan Orokorra idazteko parte hartze prozesurako Foru Aldundiarekin hitzarmena sinatuko dutela aurreratu du Telleriak; horretarako 18.000 euro eskuratuko dituzte aldunditik: «Berritzailea izango da prozesua. Nolako herria nahi dugun eta zein norabidetan jarri nahi dugun erabakiko dugu». Arau subsidiarioak ere berritu nahi dituzte.
Kirol instalazioei dagokie-nean, Baratze pilotalekuan karga-deskargarako atea konponduko dute, eta igerilekuan, aldageletako dutxatan ur beroaren galdara jarriko dute. Bestetik, herri sarrerako makaldia asfaltatzea, Elortxako bidea konpontzea eta herriko loreontziak txukuntzea ere jasotzen ditu udal aurrekontuak.
Herri eskolako inbertsioari dagokionean, komuna berritzeko 11.900 euro bideratu dituzte: «Eskola Kontseiluak erabaki du herri eskolako bigarren komuna berritzea; iaz berritu genuen bestea».
Bertso txapelketako saioa
Kulturaren alorrean, Euskal Herriko bertso txapelketako kanporaketa saio bat izango da irailean Seguran. Bestetik, II. Dantza Eguna ere antolatuko dute Euskal Herriko dantza txapelketarekin batera, urriaren 14an.