Koldobike Olabide alkateak aurreratuen dagoen proiektua dela adierazi du. Laubideko bakoitietan eta Plazaolako parkean egiten ari diren lanak iazko aurrekontuei dagozkien obrak dira
Aurtengo aurrekontuei buruzko xehetasunak eman ditu Legazpiko alkate Koldobike Olabidek. Gaur-gaurkoz udalak martxan dituen obrak Laubideko bakoitietan eta Plazaolako jolas par-kean iazko aurrekontuei dagozkie. Aurtengo aurrekontuei lotutako lehenengo lanak Brinkolako jolas parkekoak izango direla esan du alkateak, «aurreratuen dagoen proiektua da eta aurrekontu parte hartzaileetan boto gehien izandakoa da». Maiatzerako amaituta egon litekeela ere aurreratu du.
Legazpiko Udalean egun, aurrekontuei dagokienez, iazkoen likidazioa egiten ari dira eta aurtengoen exekuzio fasean daude.
Udalak aurten egingo duen inbertsioa milioi eta erdi eurotik gorakoa da. Aurrekontuen ge- hiengoa (%42) herritartasun arloan inbertituko dute. «Udal gobernu batek nondik jotzen duen erakusten dute aurrekontuek, guk legazpiarren alde lan egiten dugu», esan du Olabidek.
Lehen mailako gizarte laguntzan inbertituko dute gehien, hala nola, etxez etxeko laguntzan, gizarte zentroko igogailua, berogailuak eta leihoak konpontzen, herriko elkarteei diru laguntzak ematen, nazioarteko laguntzetan eta abar. Kirolaren sustapenari dagokionez, atletismo pista berritu, kiroldegoan banakako aldagelak egin , kanpoko igerilekuaren itxieraren azterketa, soinketa gela berritu eta abar egin nahi dituzte. Kultura, euskara, jaiak eta beste hainbat egitasmo ere arlo horretan txertatuta daude. Olabidek musika eta antzerki jardunaldiei bultzada emateko asmoa agertu du.
Lurralde arloan diru sail pisutsuena hartuko duen proiektua Kale Nagusia oinezko bihurtzeko bigarren fasea da, «bizilagunei egingo genuela esan genien eta hitza beteko dugu». Olabidek turismo sustapenarentzat eta enpleguarentzat sailak ireki dituztela azpimarratu du.
Inbertsioak herri osoan zehar egingo dituztela ere nabarmendu du alkateak, «iaz bezala, aurtengoan ere inbertsioak ez ditugu herrigunean soilik egingo, herri osoan zehar baizik» eta inbertsioen mapa ezagutzera eman du, non proiektu guztiak agertzen diren.
Agirre-Etxeberri etxera musika eskola eramateko lanak oso aurreratuta daudela eta datorren ikasturterako prest egongo dela adierazi du.