Ia 9.000 lagunek eman dute izena Zegama-Aizkorri mendi maratoian
Iaz baino 1.000 lagun gehiagok eman dute izena. Kilometro Bertikalean 847 lagun apuntatu dira. Gazteen Junior Trail probako izen-ematea zabalik dagoInoiz baino lagun gehiagok eman dute izena Zegama-Aizkorri mendi maratoian. 8.757 korrikalarik, hain zuz...
Iaz baino 1.000 lagun gehiagok eman dute izena. Kilometro Bertikalean 847 lagun apuntatu dira. Gazteen Junior Trail probako izen-ematea zabalik dago
Inoiz baino lagun gehiagok eman dute izena Zegama-Aizkorri mendi maratoian. 8.757 korrikalarik, hain zuzen ere. Iaz baino 1.000 gehiagok.Beste inon ez da hain zaila dortsal bat lortzea. Izan ere, 250 bakarrik zozkatuko dituzte. Hala, izena eman duten 35 lagunetik batek bakarrik lortuko du dortsala.
Kilometro Bertikalean ere inoiz baino lagun gehiagok eman dute izena: 847k, hain zuzen ere. 200 lagunek parte hartuko dute. Dortsalen zozketa hilaren 24an izango da, 18:00etan, Zegamako udaletxean.
Gaztetxoen Junior Trail delakoan, berriz, oraindik ez dute izen-ematea itxi. Lasterketa baino hamar bat egun lehenago itxiko dute. Oraingoz 25 lagunek bakarrik eman dute izena, baina gehienak apirila-maiatzean apuntatzen dira.
Alberto Aierbe probako zuzendari teknikoa txundituta ageri da. «Mundu hau erotuta dago! Iaz baino 1.000 lagun gehiagok eman dute izena!».
Pozik dago, noski. «Horrenbeste jendek izena ematea oso pozgarria da. Arrakastagatik oso pozik nago, baina horrenbeste jendek parte hartzeko aukerarik ez edukitzeak pena ematen dit. Baina Aizkorrin ezin ditugu nahi duten guztiak sartu: segurtasunagatik, parte hartzaileek merezi duten arretagatik eta parke natural bat delako».
Alternatibarik ez
Mugatuta daude eta horrek ez du bueltarik. «Jende askok proposatu digu urtean zehar beste proba bat antolatzea, baina horrek ez luke ezertarako balio izango. Izan ere, jendeak maiatzeko maratoian parte hartu nahi du: egun horretan sortzen den giroagatik, munduko korrikalari onenekin korrika egin ahal izateko… Jendeak egun hori bizi nahi du. Beste egun batean beste proba bat antolatzeak ez du zentzurik. Beste egun batean egiteko, hor dago ibilbidea. Geroz eta jende gehiago etortzen da Zegamara, urteko edozein asteburutan, Zegama-Aizkorriko ibilbidea egitera».