Arbolak landatzeko eta txertatzeko garai bete-betean gaude eta azokako lore postuetan hasi dira udaberriko koloreak agertzen.
Azoketarako garairik zailena hau dela esanda ez da inor asko harrituko. Negua, tenperatura hotza, giro bustia, lurra ere hotz, jendeak epela nahiago, lozorro aldia. Udaberria gerturatu ahala eta epeldu ahala suspertuko da. Baina loreetan lehen poz seinaleak agertu dira, krabelina, zineraria, primula edo Sanjose Lorea salgai ziren eta atzo. Magnoliak, mimosak eta sahats arbolak, berriz, loretan ikusten dira. Azken horien adarrak salgai ere bazeuden; batzuk aspaldi loratu ziren abenduko giro epela lagun, orain beste batzuk. Eta hazitako patata erosteko giroa epeldu zain da jendea. «Garaia izan bada, urtarrilean ere erein izan dugu, baina eguraldiak lagundu ezean alferrik da» zioten.
Barazkientzat, negutegirik ezean, eskaintza mugatua da. Aukeran dira aza eta familia-koak, porrua, atxikoria, eskarola, kuia… Lehen ilarrak, ustez aurten udazken-negu hasiera epela lagun garaiz ekarriko zituztelakoan ziren, baina azken hotzak gelditu egin ditu edota galdu ere bai babesean ez zeudenak. Frutetan ere hemengoen oso aukera murritza dago, sagarra nagusi.
Aldiz, arbolak landatzeko edota txertatzeko garaian bete-be-tean gaude. Ordizian bi lanei heltzeko aukera bada, Juan Amezketa kalean arbola landareak salgai direlako astero-astero. Aramako Arantxa Zurutuzaren postuan, berriz, txertoak egiteko erretxina dago aukeran; aspaldiko eran, «aitak erakutsita bezalaxe» egiten segitzen dute. Bide batez, aipatu ohiko salmenta tokiz gain, larunbat honetan Segurako plazan 18:00etatik aurrera sagarrondo landareak erosteko aukera izango dela helburu jakin batekin. Baionako Seaskako Lizeoaren alde
Euskararen sagartzean edota norberak nahi duen tokian landatu ahal izango dira sagarrondo horiek .