Lenbur fundazioak emandako datuen arabera, azken hiru urteetan bisitari kopuruak gora egin du nabarmen. Familia planek erabateko eragina izan dute gorakadan
Mirandaolako burdinola eta ermita, Legazpiko Burdin Haranean. // Argazkia: Carlos Mediavilla
Iazkoa, bisitari kopuruari dagokionez, «azken hogei urteotako onenetakoa» izan dela diote Lenbur fundaziotik. Legazpiko fundazioan Gipuzkoako beste museoen bisitekin alderatu dituzte Burdin Haranak iaz izandako bisitak eta bederatzigarren postuan kokatu dira Azpeitiko Trenbidearen Museoaren atzetik eta Zestoako Ekainberrikoaren aurretik. Bisitari kopuruak gora egin du azken hiru urteetan eta iaz marka guztiak hautsi dituztela diote; hain zuzen, 28.709 bisitari izan zituzten Burdin Haranaren baitan kokatutako turismo guneetan.
Lenburretik azpimarra egin diote azken urteetan egindako familia planen aldeko apustuari, «familia planak haurrekin datozen familiei egokitutako ekintzak dira, turismo mota hau Legazpin finkatu dugu eta ildo honetatik jarraitu nahi dugu. Walt Disneyk esan zuen bezala: haurrak joan nahi duten lekua sortu eta helduek jarraituko diete».
Olentzeroren etorrera da familia plan guztien artean gorakada handiena izan duena. 2012an 300 lagunen bisita jaso bazuten, iaz 7.197 izan ziren. Bisitariok Euskal Herriko zazpi lurraldeetatik iritsi dira Legazpira aurreko azaroaren 12tik abenduaren 23ra bitartean. Lenburretik adierazi dutenez, «iaz 1.500 lagun geratu ziren Olentzeroren tailerrean parte hartu ezinda eta aurten ekintza hau gehiago lantzeko eta indartzeko asmoa daukagu».
Ez da familia plan bakarra. Lenbur fundazioak kudeatzen dituen beste hainbat espazio ere, familiak hartzeko moldatu dituzte, hala nola: Erraizabal baserriko Artzaintzaren Ekomuseoa, Igaraldeko Ogiaren Txokoa eta Langileen Ibilbideko 1950. hamarkadadako eskola.
Fundazioaren sarrerak
Bisita gorakadak beste hainbat irakurketa baditu. Hain zuzen, Lenbur fundaziotik nabarmendu dituzte bisitari kopuruaren gorakadak herriko ostalaritzarentzat mesedegarria izatea, lanpostu sorrera eragiten duela eta Legazpi herria ezagutzen duten kanpotarrak gero eta gehiago direla.
Burdin Haranaren berezko jarduera Lenbur fundazioaren diru sarreren %38,20 izan da 2016an; babes pribatua, %26,22; diru laguntzak, %25,62 eta Legazpiko Udalaren babesa, %9,96. Martxoan aurtengo jarduera plana aurkeztuko dute.
Hiru familia plan aukeran Legazpiko Burdin Haranaren eskaintzan
Martxoan eta apirilean, arku-meak jaioko direla baliatuz, Telleriarteko Erraizabal baserriko Juan Joxe Aranguren eta Arantxa Segurola artzain eta gaztagileekin ardiei buruz aritzeko aukera dago bertako Artzaintzaren Ekomuseoan. Brinkolako Igaralde baserriko Ogiaren Txokoan ogia egiteko parada dago eta Legazpiko herrigunean 1950.eko eskola batean jolasteko aukera.
Burdin Haranean familian egiteko eskaintzen diren hiru aukera dira. Erraizabalen gaztaren sekretuak, mutur beltz ardien berezitasunak eta kaikuen erabilera ezagutu daiteke, arkumeak biberoiarekin elikatu eta, zorte handia izanez gero, arkumeren bat jaiotzen ikusi. Haurrak lehenengo ilaran eta haien gurasoak ondoan; familia planen filosofia hori baita.
Igaralden XVI. mendeko errota martxan jarriko dute eta zetabea erabiltzen ikusiko dute, baita ogia egin ere; egindako opiltxoak etxera eramango dituzte haurrek.
1950. urteko eskolan bisitarien aiton-amonek ezagututako eskola eredua zein materialak ikusi ahalko dute haurrek nahiz gurasoek: euskaraz egitea debekatuta dago, mutilak eta neskak bereizita daude eta eserlekuak mahaietara lotuta dauden egurrezko tramankuluak dira; jokoak ere egongo dira, garai batekoak, noski.
Familia planetarako txandak hartzeko Mirandaolako bulegora deitu (943 73 04 28/943 73 18 95) edo idatzi ahal da: mirandaola@lenbur.com.