Irizar taldeak 580 milioi fakturatu ditu eta nazioartean hazten jarraitzen du
Taldeak 2016an izandako fakturazioaren erdia Ormaiztegiko lantegiari dagokio. Nazioarteko zabalpena eta kalitatearen aldeko apustua nabarmendu dituzteIrizar Taldeak emaitza onak biltzen jarraitzen du urtez urte. 2016a 580 milioi eurotik gorako fakturaz...
Taldeak 2016an izandako fakturazioaren erdia Ormaiztegiko lantegiari dagokio. Nazioarteko zabalpena eta kalitatearen aldeko apustua nabarmendu dituzte
Irizar Taldeak emaitza onak biltzen jarraitzen du urtez urte. 2016a 580 milioi eurotik gorako fakturazioarekin bukatu dute, eta kopuru horren erdia, Ormaiztegiko lantegiak jasotako eskariei esker izan da. Egoitza nagusiaren atzetik, Mexikoko lantegia izan da emaitzarik onenak izan dituena. Enpresak, nazioartean zabaltzeko egiten ari diren bidea eta kalitatezko produkzioaren alde egindako apustua nabarmendu nahi izan ditu. Emaitza horien arrazoia, «produktu propioen hazkundearen estrategia egonkortu izana» dela azaldu dute. Hala, autokar integralak enpresa nagusiko autokar produkzioaren %25 dira egun.Espainiako merkatuan «lider posizioa» berretsi du berriz ere Irizarrek, %40ko merkatu kuotarekin. Nazioartean ere, gero eta herrialde gehiagotara iristen ari da taldea, eta iaz, Estatu Batuetako merkatuan lehen salmentak egin izana nabarmendu du, baita i6 autokar integralek merkatu hartan izandako harrera ona ere. Mexikon, berriz, lehen autokar integralak entregatzen hasi dira, eta 2017rako aurreikuspenak «ezin hobeak» direla diote, une honetan duten eskaera zorroan oinarrituta.
Brasilek «krisi sakonean murgilduta» jarraitzen duela azaldu du konpainiak, baina era berean, Mexikoko lantegiak hazkunde handia izan du, eta dagoeneko 1.000 autokar fabrikatu dira bertan. Bolumenari dagokionez, «marka historikoa» dela azaldu dute taldeko arduradunek.
Marokon ere «produkzio marka hautsi» dute 2016an, hein handi batean, herrialdeko luxuzko merkatuari erantzuten jakin dutelako, baina baita Ormaiztegiko lantegiarekin elkarlanean Europarako egindako Century modeloari esker ere.
Irizarrek martxan duen marka estrategiari esker «produktuen balio erantsia hazi» egin dela diote. Izan ere, berrikuntza eta teknologia «gero eta faktore erabakigarriagoak» dira taldearen estrategian. Bide horretatik sortu dute Irizar Emobility; Adunan kokatuko da enpresa berria, eta «produkzio planta bukatzear» dagoela eta maiatzean martxan jarriko dutela azaldu dute.