Mendizale elkarteak berreraiki egin nahi du Oiduegiko txabola
Zaldibiako Gailurrerantz mendizale elkarteak herenegun egin zuen bazkideen batzarra, kultur etxe zaharrean, Oiduegiko txabolaren erreketaren harira. Denera 180 bat bazkide dira, eta bileran 70ek parte hartu zuten. Aurreko asteko bileren berri eman zute...
Oraindik ezer gutxi zehatz daiteke txabolaren erreketaren eta etorkizunaren inguruan. Mendizaleen bileran garbi geratu zena zera izan da: Oiduegiko txabola berreraikitzeko ideia sendoa eta borondate osoa daukate zaldibiarrek. 1972tik Gailurrerantzek kudeatu du mendizaleen txabola eta aterpetxea.
«Jendearen erantzun ona ikusi da, bazkideek iritziak eman dituzte, eta lanerako gogo handia erakutsi dute», azaldu du Gailurrerantz elkarteak, herri atarian.
Jabetza mankomunitatearena denez, hark hartu behar du orain erabakia. Osteguneko bileran Enirio-Aralarren ordezkariek berreraikitzeko prestasuna agertu zuten. Baina mankomunitatearen batzar nagusiak dauka azken hitza, «proiektu edo plangintza bat aurrera ateratzeko denen oniritzia» behar delako. Aste honetan elkar daitezke 15 udalerrietako ordezkariak.
Oiduegiren argazkiak bildu
Bien bitartean, Gailurrerantzek Oiduegiko txabolaren historia argazkitan jaso nahi du, eta bilketa abiarazi du. Zaldibia.org herri atariaren bidez, Oiduegiko oroimenaren bilduma osatzeko argazkiak bidaltzeko eskatu dute.
Txabolarekin eta Oiduegiko inguruarekin lotura duten argazkiak nahi dituzte, egoera eta garai askotakoak. Posta elektronikoz bidal daitezke (zaldibiaorg @gmail.com). Paperekoak kultur etxean eskanea daitezke. Urtea adierazi behar da.