Aurrekontuen %18,53 gizarte arloko zerbitzuetara joango da. Inbertsioetara 359.000 euro bideratu dira. Izal Bairen baiezko zazpi botorekin eta EH Bilduren ezezko hirurekin onartu dira
Idiazabalgo udal gobernuak, 2017rako aurrekontua onartu du. Guztira 3.343.000 euro kudeatuko ditu udalak, eta aurreko urtekoarekin alderatuta, %4ko igoera izan du. Aurtengo aurrekontua, Izal Bairen aldeko zazpi botorekin eta EH Bilduren aurkako hirurekin onartu da.
Aurrekontuaren banaketari dagokionez, gizarte zerbitzuei zuzenduko die udalak zatirik garrantzitsuena; aurrekontuaren %18,53 izango da, 619.518 euro hain zuzen.
Inbertsioak
Aurtengoan, 359.000 euro bideratuko dituzte inbertsioetara. Igarondo pilotalekua eraberritzeko azken fasea egingo da aurten. Aurreikusita dauden obrarik garrantzitsuenak igogailua jartzea eta teilatua berritzea dira. 160.000 euroko kostua izango dute obra horiek. Lan horietarako laguntzak bilatzen saiatuko da udala.
Bestalde, Gurutze Berriko exekuzio proiektuaren erredakzioak 79.000 euroko kostua izango du. 2017an zehar exekuzio proiektua prestatuko da ere, 2018an obrekin hasteko. Eguneko Zentrorako furgoneta berria erosiko da, horretarako 60.000 euro bideratuko dira. 40.000 euro Arantzazumendiko larreen kudeaketarako izango dira. Horrekin, udalak, foru aldundiarekin batera hartutako konpromisoa betetzen du. Idiazabalgo hainbat kale asfaltzeko 30.000 euro bideratuko dira.
Berrikuntzak
Kultura bultzatzeko esfortzua egingo du aurten Idiazabalgo Udalak, eta horretarako 10.000 euro jarriko ditu. Horretaz gain, 2017an, abesbatza inguruan ziklo bat eramango dute aurrera. Hori burutzeko, 6.000 euro ditu udalak. Beste horrenbeste Euskara Plus proiektuarentzat izango da. Pilota torneo bat sortzeko 5.000 euro jarriko ditu, euskara ikasteko dirulaguntzei bideratuko dien kantitate berbera.