Afrobeat edo afrikar musika garaikidea egiten duen Makulu Ken taldeak 'Kale Kale' diskoa kaleratu berria du. Eider Ormazabalek eta Eneko Dorronsorok azaldu dute proiektu berria.
Lasarteko taldea da Makulu Ken, baina Beasainekin lotura estua du: Eider Ormazabal (ahotsa) lasartearra Beasainen bizi da azkeneko urteetan eta Eneko Dorronsoro beasaindarra taldeko bateria jotzailea da. Urte eta erdiko lanaren ondoren, bigarren diskoa kaleratu dute,
Kale Kale izenekoa
, afrobeat musikaz eta estiloz osatua. 15 abesti sortu eta jaso dituzte, 74 minutuko disko luzean.
Sei lagunek osatzen dute Makulu Ken proiektua: Xabi Herrera (gitarra eta ahotsa), Eider Ormazabal (ahotsa), Bea Hurtado (teklatuak), Iñigo Suberbiola (perkusioa), Patxus (baxua) eta Eneko Dorronsoro (bateria). Dena den, diskoan eta zuzeneko kontzertuetan beste lau kide gehiago lagun izaten dituzte, hiru haizezko instrumentu jotzaile eta beste baxu bat.
Eider Ormazabalek zortzi urte daramatza Makulu Kenen; ordurako martxan zen taldea. Koruak egiten hasi zen, baina «orain, zerbait gehixeago ere kantatzen dut. Lehen bi korista ginen eta lehen gehiago hartzen genuen koro papera. Orain, koroak egiten ditut, baina abesti batzuetan nik eramaten dut protagonismo gehiago. Taldekideek koroak ere egiten dituzte». Ahotsaz gain, kalabazarekin erritmoa ere jartzen du.
Eneko Dorronsoro berriagoa da taldean. «Patxus baxu jotzailea ezagutzen nuen, beste behin Ordiziako historia batean elkarrekin jo genuelako. Makulu Kenen bateria bilatzen ari zirela eta deitu egin zidan. Probatu, animatu eta oso gustura nabil», dio.
Musika desberdina
Afrobeat estiloa, afrikar musika garaikidea egiten dute; 1970eko hamarkadan Nigerian sortutako musika. Bai Ormazabalentzat eta bai Dorronsororentzat musika berria zen, taldean hasi ar-tean, inoiz ere entzun gabekoa. «Beti rock edo pop arloan ibili naiz eta hau desberdinagoa da, bai bateria jotzeko erritmo aldetik, eta bai abestiaren kontzeptua bera ere. Abestiak oso-oso luzeak dira, oso aldaketa gutxirekin. Musika hau ulertzen eta gozatzen ari naiz orain», dio Dorronsorok. Ormazabal ere «sekula horrelako musikarik eta afrobeat hitzik entzun gabe» zegoen. «Gustatu egin zait, baina beste gauza bat; erritmo handikoa da, erraz entzuten da.Atsegina da entzuteko, instrumentu barietate handiarekin, erraz entzuten da».
Hitzen doinua
Hitzen esanahiak eta hitzen doinuak ere garrantzia handia dute Makulu Kenen abestietan. «Nigerian ingelesez abesten zuten eta kritika sozial handiko abestiak egiten zituzten», nabarmendu du Ormazabalek. Makulu Kenek hori guztia euskaraz egiten du; gehienetan Xabi Herrerak egiten ditu letrak. Dorronsororen esanetan, «oso landuta daude letrak. Esan nahiaz gain, sonoritatea bilatzen die hitzei». Ormazabalek gehitu duenez, «askotan ez dakizu euskaraz ala afrikarrez ari zaren».
Taldearen izena bera da horren adibidea: afrikarra ematen du baina euskarazko bi hitzek makulu eta ken osatzen dute izena. «Hori bilatzen da abesti guztietan».
«New Yorkeko irrati batean astero jartzen dute gure abestiren bat»
Eider Ormazabal (ahotsa)
«Letrak oso landuak dira. Esanahiaz gain, sonoritatea bilatzen zaie hitzei»
Eneko Dorronsoro (perkusioa)
Kritika soziala egiten dute kantuetan: errefuxiatuak, telefono mugikorrak… Hori bai, «kritika, umore puntuarekin», zehaztu dute.
Diskoaren izenak ere,
Kale Kale, helburu hori betetzen du. «Abesti bat badago, kale itsuez hitz egiten duena. Kaletarrok kale egiteaz hitz egiten, kalekoa, Calaiseko errefuxiatuen kanpamentuak…».
Abenduan kaleratu zuten bigarren diskoa eta orain aurkezpen bira egiten ari dira Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Donostian Dokan izan ziren otsailaren hasieran; martxoaren 4an Gasteizen, 11n Iruñean eta apirilaren 7an Bilbon izango dira. «Gustatuko litzaiguke Beasainen eta Goierrin kontzerturen bat ematea», diote.
Kontzertuetan saltzen dituzte diskoak eta Facebook-ez eta e-mailez ere eska daiteke.
Gozatzeko unean daude orain Makulu Kenekoak. «Lan asko egin dugu eta ateratzeko gogoa geneukan. Dokan asko gozatu genuen». Dorronsorok lehenengo kontzertua eman zuen Makulu Kenekoekin: «Ni sartu nintzenetik diskoa prestatzen aritu gara. Horrelako disko bat egin gabe nengoen eta ikusi dut zein lan daukan. Lan ikaragarria da».
Baina gustura daude emaitzarekin; «nahiko borobila» atera zaiela uste dute. Orain, abesti batek dioen bezala, «kalez kale goaz gure musiken erritmoak astintzen, kontzientzien zalantzak mugitzen eta bazterrak nahasten».
New Yorkera heldu da dagoeneko beraien musika: «Hango irrati batean astero jartzen dute gure kantaren bat. Aurkezpenean esan zuten Kongokoak ginela. E-mail bat bidali genien Euskal Herrikoak ginela esanez».