Ataungo musika taldeak lehenengo diskoa aurkeztuko du, larunbatean, Rafaelenea tabernan. Folka, rocka eta countrya batuta eta esperientziak nahastuta, 9 abestiko bilduma ondu dute.
Unidad Alavesa taldeko Gurutz Bikuña, Iker Arza, Haritz Artola eta Eneko Dorronsoro // Argazkiak: Egoitz Irizar
Euskal Herriko trikitilari bikote ospetsuena, 1990eko hamarkadan, Enrike ta Benito zirela zioen txiste batek; Unidad Alavesa alderdi politikoko Enriqueta Benitori egiten zion erreferentzia. Orain, berriz ere musika bitarteko bat egin dute bi bideek, Unidad Alavesa musika talde ataundarrean gorpuztuta.
Iaz sortu zuten taldea Ataungo hiru musikarik: Gurutz Bikuñak, Haritz Artolak eta Eneko Dorronsorok. Geroztik, Iker Artza lazkaotarra batu zaie. 2016ko urriaren 29an jo zuten aurreneko aldiz jende aurrean, Beasaingo Jazpana Fest jaialdian, beste talde baten hutsunea betetzeko.
Larunbatean, Ataunen bertan egingo dute estreinaldi ofizial dei litekeena. Besapean disko atera berria dutela iritsiko dira, gainera. Izenik ez diote jarri. Bederatzi gaiko bilduma da, taldekideen ibilbide luze bezain emankorraren ikur diren folka, rocka eta countrya bilduta.
Aurkezpenerako, aparteko eszena aukeratu dute: Ataungo Rafaelenea taberna. «Argazkiak taberna hartan atera genituen, eta hor egingo dugu aurkezpena. Lagun batek esaten du Rafaelenean 500 urtero egiten dituztela kontzertuak. Ez dut uste inoiz egin denik. Kastako taberna da», azaldu du Gurutz Bikuñak.
Bada, aukera historiko hori larunbatean izango da. Rafaele-nean 19:00etan hasiko da kontzertua, eta sarrera 5 euro da.
Bildumarekin gustura
Unidad Alavesa taldekoak, Rafaelenean.
Taldekideek umorez esaten duten bezala, Unidad Alavesa «talde berria izan arren, gu ez gara hain berriak». Lazkaoko eszenan aspalditik ibiliak dira Artola eta Artza (Brigada Criminal, Fiachras, Bizardunak…). Bikuñak are lehenagoko esperientzia du (Ancha es Castilla, Benito Lertxundi…), eta Dorronsorok nafar tex-mexetik edan du (Zopilotes).
Uztarketa horretatik atera den fruituarekin —«errepertorioarekin»— gustura dira kideak. Urtarrilean grabatu zuten, Beasaingo Pottoko estudioan, soinu teknikari Fredi Pelaez dela. Perku- sioarekin kolaborazioak ere egin ditu. «Folk eta country estiloan aritu gara. Dorronsorok banjoa sartu du abesti batzuetan, eta oso ondo geratu dira».
Jazpanaren ondoren, etzi dute lehen kontzertua. Beste bi lotuta dituzte: Arrasaten (Dat taberna, 19:00) otsailaren 25ean, eta Etxarrin (Lekuona taberna, 22:00) marxoaren 10ean.
Unidad Alavesa 1989tik 2005era jardun zen, alderdi gisa. Pablo Mosquera, Enriqueta Benito, Ernesto Ladron de Gebara eta Jose Luis Añuaren garaia joan zen.
Paz ahora y para siempre erabili zuten lelotzat, 1994an. Haien
oinordeko Artza, Dorronsoro, Bikuña eta Artola, ordea, gerra ematera datoz,
Su eman aurrerapen kantu duen diskoarekin. Non, eta oraindik
erre gabeko Rafaelene tabernan.
DISKOA:
· Taldea. Unidad Alavesa (Ataun)
· Jeneroa. Folk-rocka, countrya.
· Kideak. Haritz Artola (ahotsa, gitarra), Gurutz Bikuña (gitarra), Iker Artza (baxua), Eneko Dorronsoro (trikitia, banjoa).
· Laguntzailea. Fredi Pelaez (perkusioa).
· Diskoa. 2017ko urtarrilean grabatua, Beasaingo Pottoko estudioetan, Fredi Pelaezekin. Ez diote izenik jarri.
· Abestiak. 9 guztira: ‘Su eman’; ‘Kimjongilia bat zuretzat’; ‘Jo naute (baina ez naute menperatuko)’; ‘Eutanasia, morala eta ate ilunduak’; ‘Mares del norte’; ‘Cansado y derrotado’; ‘Metro-Sexual’; ‘Gasna et confit’; ‘Armonia suicida’.
· Azala. Egoitz Irizar.
KONTZERTUA:
· Noiz. Larunbata, otsailak 18.
· Non. Rafaelenea tabernan, Ataungo Arrondo auzoan.
· Ordua. 19:00etan.
· Sarrera. 5 euro.
Diskoa entzungai dago Bandcamp-en:
UNIDAD ALAVESA by UNIDAD ALAVESA