Errotondatik Antzalde parerainoko zatia mendi aldera lerratuko dute, Lazkaora sarbide berria egiteko alboan. Lazkaomendiko azpiko pasabidea ere egingo dute, Maizpiden
Iturgaitza aldea, Lazkaon, saihesbidea eta biribilgunea ikusten direla. // Argazkia: Aimar Maiz
Lazkaoko Udalak datorren astean ekingo dio Iturgaitzaga hirigintza eremuaren urbanizazio lanen 4. faseari. Bide sarea osatzea izango da helburua orain-goan, eta horretarako birmoldaketa garrantzitsuak egingo dituzte errepideetan.
Batetik, Beasain-Ataun errepide nagusia (Gi-2120) mendi aldera mugituko dute, 440 bat metro luzeko zatian: Lazkaomendiko errotondatik Antzalde parera. Bizpahiru metro mugituko dute ardatza. Lazkaoko herrigunera beste sarbide bat sortzea izango da desplazamendu horren arrazoia, errotondatik bertatik.
Lanak datorren astean hasiko ditu udalak, eta «sei-zortzi hilabete artean» iraungo dute. Saihesbideko zirkulazioan eragina sumatuko da. Obra-garaian, errepidea estutu edo une batzuetan itxi dezaketenez, arretaz gidatzeko eta seinaleei kasu egiteko eskatu du udalak.
Lanen kostua 933.140 eurokoa da. Iturgaitzaga eremuko etxebizitza promozioen sustatzaileen gain geratuko da.
Sarbide berria herrira
Bide berria nola geratuko den, planoan.
Lazkaomendiko errotondatik beso berria atera, eta Lazkaoko herri gunera sarbide berria egokituko dute. Maizpide euskaltegiaren ertzera aterako da bide berri hori, saihesbidearen paralelo. Bi norantzakoa izango da, eta bidegorria izango du ertzean.
Obra horiek baliatuz, oinez-koentzat Lazkaomendi aldera saihesbidea gurutzatzeko azpiko pasabidea ere eraikiko dute. Maizpide euskaltegiaren parean jarriko dute, errepide nagusiaren azpitik tunela irekita.
Udalak 2014an galdeketa egin zuen, nolako pasabidea egin zehazteko. Zortzi proposamenen artean, lurpekoa hobetsi zuten herritarrek, 240 boto jasota. Proiektu berbera ez den arren —arrazoi teknikoak argudiatuta zerbait moldatu dute—, antzeko soluzioa gauzatuko da orain.
Iturgaitzagako hirigintza lanetan, lehen fasea errotonda irekitzea izan zen (2013ko uztaila), 2.a Iturrialdea-Iturgaitzaga kaleen urbanizazioa (2014ko maiatza) eta 3.a Hiribarren kaleko lanak (2016ko udazkenean hasiak).