Goierriko 38 bikote ariko dira Gipuzkoako museko finalean
Euskal Herriko IX. Mus Txapelketaren azken aurreko koska da, herrialdekako finala. Gipuzkoakoa Ibarran jokatuko da, zapatuan. Goierriko 23 herritatik doaz muslariak
Euskal Herriko IX. Mus Txapelketaren herrikako joko-garaia bukatuta, herrialdeetako finalen txanda iritsiko da, asteburuan. Zazpi euskal herrialdeetako bakoitzean final bana jokatuko da larunbatean. Gipuzkoako saioa Ibarran da, herriko frontoian, 15:00etan hasita. Herrietako kanporaketetatik sailkatutako ehunka bikotek parte hartuko dute herrialdekoetan. Ondoren, horietatik Euskal Herriko final handira —Anoetan, martxoaren 25ean— joango dira aurreneko sailkatuak. Gipuzkoako finalean 120 bikote lehiatuko dira; Nafarroa Garaikoan 131; Nafarroa Beherekoan 50; Bizkaikoan 32; Arabakoan 32; Lapurdiko eta Zuberoako datuak ez dituzte jakinarazi oraindik, nahiz jokatuko diren. Goierriko 76 muslari Ibarrako final gipuzkoarrean Goierriko eskualdea 38 bikotek ordezkatuko dute. Abenduan hasi eta aurreko asteburura arte, 23 tokitan jokatuko dira kanporaketak. Goierriko herri guztietan, Gaintzan izan ezik (Beasaingo Arriaran auzoan hango bereizia egin dute). Izena emandako kopuruaren arabera, bikote bat, bi, hiru edo lau (Seguraren kasuan) sailkatu dira. Ez zegoen zertan herrikoa izan beharrik.