Estalkiaren egitura egin bidean dago egunotan. Eguraldia lagun, muntaia aste honetan egingo dute. Ondoren, jolas parkeko jokoak ipiniko dituzte eta zorua berrituko dute amaitzeko
Plazaolako jolas parkeko lanak martxo bukaerarako edo, asko jota, apirila hasierarako amaituta egongo direla aurreikusi du Erik Galvez Legazpiko Udaleko hirigintza zinegotziak.
Orain jolas parkeko estalkia fabrikatzen ari dira eta muntaia aste honetan edo hurrengoan egin nahi dute, «eguraldiak laguntzen badu», dio zinegotziak. Ondoren, estalkiak daraman oihala kokatuko dute.
Hurrengo lana jolas parkea hornituko duten jokoak jartzea izango da, «lau zabu jartzeko asmoa genuen arren, bizilagunekin hitz egin eta gero, sei jarriko ditugu gazteluaz gain». Astebetean jokoak kokatuta egongo direla adierazi du. Amaitzeko jolas parkeko zorua berrituko dute, hori ere astebetean.
Proiektuaren aurrekontua 131.000 euro ingurukoa da; aurreko urteko aurrekontuei dagokie. Estalkia da berritutako parkean egingo duten inbertsio handiena, 85.000 euro; jokoen aurrekontua 21.000 eurokoa da eta zoruarena 25.000 bat eurokoa. Zorua berritzeko eskaintzak jaso ditu udalak eta orain azterketa prozesuan daude.
Jolas parkearen berrikuntza lanak martxan jarri aurretik prozesu parte hartzaile bat abiatu zuen udalak legazpiarren, hala heldu nola haur, iritzia ezagutzeko. Guztira 639 legazpiarrek parte hartu zuten eta gaztelua egitea erabaki ere.
Egunotan udala irisgarritasun arazoak konpontzeko Laubiden lanetan ari da eta Urtatzako 17 eta 18 atarietan urak bideratzen hasiko dira aurki.