Ormaiztegiko Sahara Krosa berrikuntzekin dator. Ibilbide nagusiaz gain 5,4 kilometroko beste bat izango du aurten. Baikor daude antolatzaileak, eta parte hartzeko gonbita luzatu dute
Sahara Krosaren 11. edizioa egingo dute igandean Ormaiztegin. Festa, giro herrikoia eta elkartasuna uztartzen dituen proba da. Aurten berrikuntza nagusi batekin dator proba; izan ere, 10 kilometroko ibilbide nagusiaz gain, motzago bat, 5,4 kilometrokoa ere egingo dute. Horrez gain, 600 metroko testigantza proba ere izango da.
Proba antolatzeko lanetan aritzen den Iñaki Amundarainek azaldu duenez, 10 kilometroko probaz gain, «beste bat txikiagoa egitea» pentsatu zuten. «Jende askok apuntatu nahi izaten du, baina 10 kilometroko lasterketa luzeegia egiten zaie. Teknikoki egiteko aukera bagenuen, eta ikusiko dugu zer nolako harrera duen». Bi lasterketak batera abiatuko dira, baina ibilbide motzekoek, itzuli bat gutxiago egingo dute. Parte-hartzaile kopuruaz galdetuta «baikor» daudela dio Amundarainek. «Jendea azken momentuan apuntatzen da, baina dagoeneko badaude batzuk izena emanda. Eguraldi iragarpena ona da, eta jendea etorriko den esperantza badugu».
Lasterketa nagusia 11:00etan hasiko da, udaletxe paretik. Hura bukatutakoan, 12:15a aldera, testigantzazko proba egingo dute. Haurrek, gurasoek eta bestelako herritarrek parte hartzen duten proba izaten da, koloretsua eta askotan aldarrikapen kutsukoa. Probaren hasieran eta bukaeran, bertsolariak izango dira, eta bukatutakoan, salda, freskagarriak eta jatekoa eskainiko diete parte hartzaileei. Dutxa zerbitzua ere izango dute aukeran, kiroldegian.
Izena aurrez edo egunean bertan eman daiteke. Aurrez apuntatzeko,
kirolprobak.com webgunean sartu behar da. Txip horia etxetik dakartenek 10 euro ordaindu behar dute; txip txuria alokatu nahi dutenek berriz, 12. Egunean bertan ere izango da izena emateko aukera.
Helburu solidarioa
Lasterketa herrikoia izateaz gain, helburu solidarioa ere badu Ormaiztegiko probak. Amundarainek azaldu duenez, Gipuzkoako Sahararen Aldeko Elkarteari ematen diote dirua, gero haiek bideratu dezaten. «Beraiek jartzen dira harremanetan Saharako gobernuarekin, eta han dauden beharren arabera erabakitzen dute». Iaz, esaterako, 5.000 euro bildu zituzten elkarte horrentzat. Diru hori, errefuxiatu kanpamentuetan uholdeek eragindako kalteei aurre egiteko erabili zuten.
Aurten, sari gehiago emateko ahalegina egin dute antolatzai-leek. Parte hartzaile guztiek, Jessica Martin tetraplegia duen artistak egindako logoa daraman kamiseta jasoko dute opari. Horrez gain, lehen sailkatuentzako sariak eta hainbat otordu zozkatuko dituzte.
5.000
euro sahararako. Iaz Ormaiztegiko Sahara Krosean bildu eta Gipuzkoako Sahararen Aldeko Elkarteari emandako diru kopurua. Uholdeek errefuxiatuen kanpamentuetan eragindako kalteak konpontzeko erabili dute.
Lasterketa
· Ibilbidea. Bi ibilbide daude, 10 kilometrokoa eta 5,4 km-koa. Testigantzazko proban berriz, 600 metro egingo dituzte.
· Eguna. Otsailak 26, igandea.
· Ordua. 11:00etan,
· 12:00etan, testigantza proba.
· Izen-ematea. kirolprobak.com webgunean egin behar da.
· Prezioak. Aurrez izena emanda: txip horia dutenek 10 euro; txip txuria alokairuan hartuta, 12 euro. Egunean bertan: 12 (horia) eta 13 (txuria) ordainduko da.
· Zerbitzuak. Aparkalekua, dutxak (kiroldegian), eta korrikalarientzako salda, jatekoa eta freskagarriak izango dira probaren bukaeran.