Legazpin, Urretxun eta Zumarragan amaitu berri dute bilketa. Dirua ere jaso dute, 4.000 euro inguru. Antolatzaileek ez zuten espero horrenbeste jasotzea
Kanpaina xumea izan da eta emaitzak «pentsatu baino hobeak». Hala azaldu du Cristian Rodrigez Hotz Legazpi elkarteko kideak. Siriara bidaltzeko trailer bat betetzeko beste manta eta lo-zaku jaso dituzte Legazpin, Urretxun eta Zumarragan. Bildutako diru kopurua ere ez da nolanahikoa: 4.000 euro inguru.
Legazpiko boluntarioek burutu duten laugarren kanpaina izan da; Siriatik ateratako errefuxiatuentzat nahiz Siria bertako leku aldatuentzat materiala bildu eta bidaltzeko kanpaina. Xumetik aritu dira, mahai bat kalean jarri eta mantak, lo-zakuak eta diru ekarpenak eskatu dituzte. Kanpainara batu zaizkie SOS Siria Urretxu-Zumarragakoak.
«Bildutako materiala ez dugu irailera arte bidaliko. Orain bidaliz gero, iristerako akaso negua pasata egongo da», dio Rodrigezek. Bidalketa Asociacion de ayuda al pueblo sirio (AAPS) erakundearen bitartez egingo dute. «Diruarekin lo-zakuak erosiko ditugu, harik eta prezio onenean». Diru gehiena Legazpin bildu dute; 3.000 euro inguru eman dute legazpiarrek, beste zatia Urretxun eta Zumarragan jaso dute.
Egunotan hiru herrietako boluntarioak bildutako guztia ordenatzen, kaxatan sartzen eta paletak osatzen ari dira Legazpiko ekonomato zaharrean.
Aurrera begira
Hotz Legazpiko kideek hitzaldia egin zuten aurreko astean Beti Gazte elkarteak antolatuta. Hitzaldian Chios irlan (Grezia) lanean ari diren Itsas Salbamendu Humanitarioko kideak izan ziren eta haien testigantza entzun eta gero, «aurrerantzean nondik jo nahi dugun pentsatzeko tartea hartu behar dugu», azaldu du Rodrigezek. «Eraginkorragoak izan nahi dugu. Diru bilketak egin, eta materiala han bertan erosteko aukera aztertu nahi dugu. Bestetik, Chiosen bertan anbulatorio bat martxan jartzen ari dira eta aurreko kanpainan botika bilketaren bidea ireki genuenez hortik ere jo genezake».
Rodrigezek Goierri garaiko bizilagunek amaitu berri den kanpainari emandako erantzun onari azpimarra egin dio: «Herriak herriari laguntzen diola argi utzi dute».
Eskuz trikotatutako 40 manta inguru Siriara bidean jarriko dituzte
Aurreko urteko maiatzean, SOS Siria Urretxu-Zumarraga tal-deak material bilketari ekin zionean, bildu beharrekoen zerrendan mantak sartu zituzten. Orduan, Mari Karmen Viedmaren ekimenez Siriara bidaltzeko mantak trikotatzeari ekin zioten hainbat emakumek; bakoitzak manta zati bat ehundu eta zatiekin mantak osatu. Julita Telleria denda izan da eskuz egindako manta bilketaren jomuga. Amaitu berri den kanpainan ere aritu dira eta Mairi elkarteko kideek egindako mantak batuta, 40 bat trikotatu dituzte Siria bidean jartzeko.
Nerea Mendizabal, Julita mertzeriaren jabe eta SOS Siria Urretxu-Zumarraga plataformako kideak esan duenez, «ez diogu utziko mantak egiteari, izan ere dendan mantak ikusgai jarri ditugu eta jende askok prezioa galdetu digu. Beharbada, aurrera begira mantak trikotatu eta salgai jarri ditzakegu. Manta hauek pisu asko hartzen dute eta, maitasun handiz eginda badaude ere, akaso ez dira bidaltzeko oso praktikoak». Mantak salgai jarri eta bilduko luketen diruarekin beharrezkoagoa gerta daitekeen materiala erosteko aukera aztertu nahi dute SOS Urretxu-Zumarraga elkarteko kideek.
Mendizabalek agertu duenez, «aspaldiko ohitura da laguntza emateko jostea». Julita mertzeriara eskuz egindako kotoizko bendak eramaten dituzte oraindik ere, legenardunentzat.