Inauteri giroan ekingo diote. Benetako kultur astea datorrena izango da, otsailaren 27tik martxoaren 5era. Herrialdeen Eguna, Iñaki Perurena, bola, munduko sagardoak eta hamaika gozagarri
Iñaki Perurena, Leitza jaioterrian duen Peruharri harriaren museoan. // Argazkia: Aimar Maiz
Olaberriko kultur astearen zati mardulena datorren astean ospatuko dute, otsailaren 27tik martxoaren 5era bitarte, egunero ekitaldi sorta batekin. Baina eskaintza ez da zazpi egun horietara mugatuko, eta kulturaldia ia hilabete batera luzatu du aurten udalak, herriko hainbat eragilerekin elkarlanean.
Egitaraua bihar hasiko da, herri eskolakoen inauteri jaiarekin. 15:00etan, mozorrotu eta ikuskizunak egingo dituzte, eskolan bertan. Txokolate-jana Arkupen (16:30), eta Nemux DJarekin dantzaldia frontoian (17:00) dituzte gero.
Kultur asteari dagokionez, datorren astean egunero izango da zerbait. Martxoko lehenengo asteburuan bildu dituzte saio aipagarrienak eta gehienak. Berritasun gisa, munduko sagardoen dastaketa antolatu dute (martxoak 3), ketutako jakiekin batera. Txartelak dagoeneko salgai ipini dituzte, Zezilionean, Ihurreko Tabernan eta udaletxean.
Perurenaren saioa
Hurrengo asteburuko beste aipagarri bat Iñaki Perurena harri jasotzaile leitzarraren kontakizun-erakustaldia izango da (martxoak 4).
Harria: maitasun istorioa saioan, harriari buruzko pentsamendu, gogoeta eta sentimenduak azalduko ditu, hitzez nahiz bertsoz. Harriei jasoaldi batzuk ere emango dizkie.
«Harri guztiak, hasieran, harkaitz puskak dira. Baina berehala nortasun propioa lortzen dute. Bizitza mugarriz beteta dago», aurreratu du Perurenak.
Gastronomiarekin segiz, hutsik egingo ez duen beste hitzordu bat Herrialdeen Eguna izango da. Martxoaren 5ean ospatuko dute 17. festa, frontoian. Herriko naziotasun askotako sukaldea dastatu ahalko da.
Goierriko Kopa paleta larruz, berriz, astelehenean hasiko da.
EGITARAUA
· Bihar. Inauteri festa. 17:00, pilotalekuan.
· Otsailak 27. Bingoa jubilatu eta haurrek. 17:00, Ihurre Zaharra.
· Otsailak 28. Zinema. 17:00, jolas-txokoan.
· Martxoak 1. Korrika dokumentala. 19:00.
· Martxoak 2. Guraso Elkartearen hitzaldia, 17:30. Pintxo-potea Arkupe, Zezilionea eta Arrietan, 19:00.
· Martxoak 3. Zunba master-class saioa, 18:00, plazan. Produktu ketuen eta munduko sagardoen dastaketa (txartelekin), 20:00, Ihurre Zaharrean.
· Martxoak 4. Joxe Kerejetaren Oroimeneko 21. Bola txapelketa, 10:00. Haurren bolatea, 12:00. Zuhaitz Eguna. Iñaki Perurenaren Harria, maitasun istorioa kontakizuna eta erakustaldia, 19:00, Ihurre Zaharrean. Garagardoa egiteko prozesuaren erakustaldia, Arkupen.
· Martxoak 5. Meza eta Zeba abesbatzaren kantaldia, 11:00. XVII. Herrialdeen Eguna, 13:00, pilotalekuan (sarrerak aurrez salgai, 4 euroan). Lizarrako erraldoiak eta gaiteroak.
· Martxoak 8. Emakumearen Eguna, afaria Etxezurin, 20:30. Txartelak udaletxean eta Ihurreko okindegian salgai (32 €).
· Martxoak 19. VII. Goierriko Kopa paleta larruz txapelketaren finala. 11:00, haurren erakustaldia. Ondoren, finala. Kanporaketak otsailaren 27an eta martxoaren 6an dira, Olaberrian.