Ez da alkate izendatzen duten lehenengo aldia, 2003 eta 2008 urte artean alkate izan zen. Etxezarreta (Ezkio, 1968) aurretik eta ondoren ere zinegotzia izan da Ezkioko udalean.Udalean jarduteko harra daukazu?Beti gustatu izan zait udalaren inguruan lan...
Ez da alkate izendatzen duten lehenengo aldia, 2003 eta 2008 urte artean alkate izan zen. Etxezarreta (Ezkio, 1968) aurretik eta ondoren ere zinegotzia izan da Ezkioko udalean.
Udalean jarduteko harra daukazu?
Beti gustatu izan zait udalaren inguruan lana egitea. Alkatetza ilusioz hartu dut, baina ardura ere bada. Udalaren inguruan lan egiteko prestutasuna duen jendea badago, baina lotuta egoteko prest dagoen jendea topatzea zailagoa da. Hemen alkatearen liberazioa lanaldi erdikoa da.
Zure ofizioa berez zein da?
Zuzenbide ikasketak ditut eta gehienbat administrazioan aritu naiz lanean.
Ezkion jaiotakoa zara, baserrian?
Bai, baserrian jaiotakoa naiz. Ezkondu arte han bizi izan nintzen eta ondoren zazpi urte egin nituen Beasainen. Orain Ezkion bizi naiz, baserrian ez, baina baserri inguruan beti.
Orain alkate berriro.
Agintaldia alkate orde bezala hasi nuen eta Garikoitz Aiestak dimisioa eman ondoren, taldean neroni alkate jartzea erabaki genuen. Eskarmentu askoko jendea daukagu, baina alkate izateko boluntario asko ez zen egon.
Nolakoa da Ezkio?
Erabat anitza da. Garai bateko aztarnei, baserri piloa daukagu, izugarrizko azpiegiturak batzen zaizkio gurean industria, subestazio elektrikoa, AHTa…. Azken urteotan herritarrak eta udala azpiegituretan zentratuta ibili gara.
Zeintzuk dira Ezkiok dituen erronkak?
Gauza txikiak indartzea, egunerokoari lotutakoak, esate baterako, osasun zentro berria irekiko dugu aurki. Herri eskola, bestalde, herriarentzat mugarria delakoan nago, niretzat Ezkiorako garatu den proiekturik nabarmenena da. Izan ere, haurrek, kanpora joan behar badira ikastera, herriarekiko erroak galtzen dituzte. Gure herriko harribitxia da, etorkizuna eskola horri lotuta dago.
Tabernatxo bat ere jarri dugu, Topa taberna, ez da taberna soila, bertako produktuak saltzeko gunea ere bada eta Ezkioko bizilagunentzat topagunea izan daiteke, baita kanpotik gurera datozenentzat elkar ezagutzeko gunea ere.
Osasun zentroa aipatu duzu.
Lehen bazegoen, baina Errekabarrena auzora eraman dugu, gure apustua osasun zentroa gaur egungo baldintzetara egokitzea izan da. Aurki inauguratuko dugu.
450 bat bizilagun ditu Ezkiok. Kanpotik datozen horientzat lo-lekua al da?
Zumarragatik eta Urretxutik etortzen da jendea, guretzat inportantea da bertako sentitu daitezela eta, gaurtik biharrera lortuko ez bada ere, uste dut hasi garela bertako sentitu daitezen lortzen, baita parte hartzen hasi daitezen ere.
Desanexioaren ostean Ezkiok bakarrik jarraituko du bere bidea, Itsaso gabe.
Ibilbide berri bat da, proiektu berria garatzeko aukera da. Orain gogoeta fasean gaude; lasaitu, pentsatu eta egin. Niri, azpiegituretan pentsatu bai, baina betiko Ezkiori bultzada emateko tenorean gaudela iruditzen zait. Azken urteak katramilatuak izan dira, azpiegituren gorabeheran ibili gara.
Nola daude AHTaren lanak?
Hogeitik gora urte dira AHTaren gaiarekin gabiltzala. Hemen lanak direla eta ez direla, jendeak gaizki pasa du. Herritarrak zoriondu nahiko nituzke izan duten pazientziagatik, Ezkio hankaz gora egon baita orain sei urte lanak martxan jarri zirenetik.
Obra zibila amaituta dago, geltoki bat egiteko asmoa dago eta jende askoren buruan noiz eta nola galderak daude. Ez daukagu informazio askorik, nik uste dut eurek ere ez daukatela. Ez dakigu geltokia pertsonentzat ala merkantzientzat izango den, bigarren aukera balitz, azpiegitura gehiago beharko lirateke. Zer suposatuko duen honek guztiak Ezkiorako? Ez dakigu.
Landa eremuak badu bere pisua.
50 baserritik gora ditugu, jende gutxi bizi da baina nekazaritzatik. Baserriek, halere, badute inguruak mantentzeko funtzioa eta sumatu dugu baserriei eusteko ilusioa egon badagoela; hori babestu beharrean gaude eta industria, herrigunea eta landa eremua uztartu.