Itsasondoko arbel paisaiaren ondarea
Itsasondoko historiaren aztarna dira arbel meategiak eta Ondartez enpresa horien inguruko ikerketa egiten ari da. Otsailaren 18an bisita gidatua egin zuten eta horren harira hitzaldia emango dute gaur.Arbel harri ugari dagoen lur eremu zabalen jabe da ...
Itsasondoko historiaren aztarna dira arbel meategiak eta Ondartez enpresa horien inguruko ikerketa egiten ari da. Otsailaren 18an bisita gidatua egin zuten eta horren harira hitzaldia emango dute gaur.
Arbel harri ugari dagoen lur eremu zabalen jabe da Itsasondo. Horixe da herriaren ezaugarri nagusietako bat. Iraganean, lureremu horien ustiapenak garrantzi handia izan zuen herriaren garapenean. Egun, meategi zuloen irteerak ikus daitezke. Horrez gain, lan horren beste hainbat arrasto aurki daitezke herrian.
Itsasondoko herriak barne hartzen duen paisaiaren ondarea eta herriaren iragana ezagutzeko aukera izan zen joan den otsailaren 18an, Ondartez, ondarea berreskuratzen aritzen den enpresaren kide baten azalpenen eskutik.Meategiak bisitatzeko txango haren harira, Ondartezko kideek hitzaldi bat eskainiko dute gaur, kulturgunean, 18:00etan.
Alde batetik, meategien inguruan Ondartezko kideak egiten ari diren diagnostikoaren nondik norakoak azalduko dituzte modu labur batean. Ondo-ren txangoan ikusi bezala, ondare paisajistiko oso garrantzitsua daukan herria da Itsasondo, baina denboraren poderioz, galtzen doa ondarea berreskuratzeko egin daitezkeen ekintza zehatzak zerrendatuko dituzte. Hitzaldira joaten diren guztien artean interesekoak izan daitezkeen ekintzak identifikatuko dira.
Ekintza plana
Itsasondoko Udala aspalditik ari da udalerriak historian arbelgintzarekin izan duen lotura aztertzen; meategien aztarna lehenengo begiratu batean erraz antzeman daiteke bai haranean, bai Itsasondoko hainbat txokotan eta baita Murumendi mendiaren hegaletan ere.
Hori dela eta, udalak proiektu berri bat bultzatu du, duela gutxi, udalerriak arbelaren lanketari loturik izan duen iragan industriala ezagutzeko helburuarekin, jarduera horri lotuta baitago bere nortasuna. Lan hori amaitu ondoren, meatzaritzari eta industriari loturiko iragana ezagutarazteko faseari ekin ahal izango dio udalak.
Beka bati esker ekin zitzaien lan horiei, eta, orain, azterketa zehatzago baten bitartez eman nahi diote jarraipena. Azterketa hori osatzeko, halaber, Itsasondoko udalerriari dagokion lurraldea eta paisaia ere aztertu eta erregistratuko dira.
Udalaren aginduz, Ondartez S.L. enpresak bere gain hartu du, 2010eko urtarrilaz geroztik, Itsasondoko industria jarduerak izan duen historiaren eta ondarearen azterketa, eta horixe da. hain zuzen, agiri horretan jaso dena eta aurkeztuko dena.
Helburuak
Hiru helburu nagusi izan ditu Itsasondoko meategien inguruan egindako lanak. Lehenik, arbelaren erauzketaren eta manufakturaren jarduera aztertu da. Bigarrenik, erauzketa eta industria jarduera hori lurraldearen ikuspegitik aztertu da. Eta, azkenik, egindako azterketa eta gaiarekin lotura duen informazioa sistematizatu dira, etorkizunean egingo diren jarduerak behar adinako bermeekin burutu daitezen.