Maiatzaren 1ean biltegia itxi, eta banaketa Aguraingo enpresa baten bitartez egingo dute. Langileek kezka agertu dute bestelako neurrien iragarpena izan daitekeelako
Atzo eta gaur elkarretaratzea egingo dute Legazpiko Bellota enpresako langileek. Lantegiko biltegia itxiko dute maiatzaren 1ean eta banaketa Aguraingo (Araba) enpresa bati emango diote eta Bellotatik bertatik aterako dute. Neurriari itzal bat baino gehiago ikusten dizkio langile batzordeak eta gaurko nahiz atzoko elkarretaratzeen deialdiekin Bellotako langileak sentsibilizatu nahi dituzte. Andoni Aizpurua langile batzordeko lehendakariaren hitzetan, «guk arriskuak aurrera begira ikusten ditugu eta langile guztiak horren jabe egin daitezen nahi dugu».
Enpresako buruek ez dute biltegian lanean ari diren 25 bat lagunak kaleratzeko asmorik agertu, lantegiko beste lanpostu batzuetan kokatuko dituzte. Edonola ere, «biltegian aldi baterako lanean ari diren langileen kontratuak apirilaren 30ean eteten dira, ez dut uste kasualitatea denik biltegia maiatzaren 1ean ixtea». Biltegia berritzeko aspaldi inbertitu behar zutela uste du Aizpuruak, «Patrizio Etxeberriaren garaian bezala dago. Dirua zegoenean ez zuten inbertitu eta orain ez dute inbertitzeko asmorik». Enpresak, hala ere, itxiera arrazoi ekonomikoengatik izatea ukatu die, «zerbitzua hobetu nahi dutela esan digute, Legazpiko biltegitik 5-7 egunera ateratzen da materiala eta konpetentziak 24-48 orduan banatzen du. Zerbitzua hobetu eta bezero gehiago lortu nahi dituztela diote».
Arriskuen itzala
Aizpuruak bi arazo ikusten dizkio biltegia ixtearen erabakiari: beste sekzio batzuek bide bera ez ote duten jarraituko eta lantegiko enplegu globalean dakarren galera.
Bellotako egoitzak bi enpresa hartzen ditu egun. Bien akziodun nagusiak kanadarrak dira eta «gu txintxeta bat baino ez gara euren mapan, lantegiak dirua ematen duen bitartean aurrera, bestela akabo». Guztira 500 bat langile ari dira bertan lanean, gehienak Goierri garaikoak, Goierri behekoak ere badira.
BAS (Bellota Agrisolutions) enpresan nekazaritza ordezkoak egiten dituzte eta BH Bellotan erremintak. BAS enpresan inbertsioak egingo dituzte, baina ez Legazpiko fabrikan, talde berekoa den Zumarragako Rozalman baizik. BHn ere itzalak ikusten ditu Aizpuruak: «Krisia hasi zenetik irabaziak erdira jaitsi dira eta eraikuntzaren sektoreak ez du gora egiten. Doikuntzak egin zituzten bere garaian eta joan zirenak baldintza onetan joan ziren, baina kezkatuta gaude».
Egunotako elkarretaratzeak «indarrak neurtzeko» direla dio Aizpuruak: «Langileei ulertu arazi nahi diegu itxierak ez diela biltegian ari direnei soilik eragiten».