Hauster eguneko feriak ez du fama onik eta eguraldi ona izan arren inauterien ondorena delako edo, ez da hain jendetsua gertatu.
Oso jaki estimatua da atzoz geroztik Ordizian postu askotan lortu daitekeena: ardi gazta berria. Oraindik artzain guztiak ez dute prest, izan ere egin eta bi hilabeteko ontze prozesua ezinbestekoa du Idiazabal jatorrizko izendapeneko gazta honek salgai jarri aurretik. Eskaintza oraindik ere zabaltzen joango bada ere, dagoeneko handia da, hala nola Aralar, Urbia, Gorbea eta Andomendiko larreetan ibilitako ardiena edota, herrialdeka aipatuz, Araba, Erronkari edota Zuberokoa ere bai. 17 eta 19 euroan kiloa hasi dute. Bide batez, dagoen eskaintzari errepasoa emanez, ardi gazta zaharra 20-22 euroan da kiloa, eta behi gazta 10-12 euroan. Ahuntz gazta joan zen as-tean berria hasi zen kiloa 16-20 euroan da, eta merkeago dago Burgosko gazta freskoa, 11,50 euroan. Bestalde, eskuz egindakoa ez bada ere, behi eta ardi esnea nahasiz fabriketan egina salgai da 12-13 euroan kiloa. Lasak esaten zigunez, «geroz eta gazta fresko gehiago saltzen da, zaharra oso gazta zaleek aukeratzen dute, baina kopuruz gutxiagok aukeratzen dute hori».
Orburuen hilabetea
Aste honetan hasita, martxoko asteazkenetan propio plaza sarreran orburuak salgai jarriko dituzte. Atzo Legazpiko Vesga fruta saltzaileak hartu zuen ardura hori eta Nafarroako Erriberako orburuak zituen salgai, 5-5,5 eruoan dozena,
12 hilabete 12 produktu izeneko ekimenaren barnean.
Sagar eskaintza txikituz
Neguak aurrera egin ahala hemengo fruta eskaintza mugatzen joatea da normalena eta nabarmen antzemango diogu Idiazabalgo Kalbarioko Amaia Alkortak etortzeari utziko diolako udara arte. Sagarrak dira iraupen luzeena dutenak , eta hauek ere gehienak saldu ditu dagoenekoz Alkortak. Ez da hemengo fruta saltzaile bakarra, baina bai mota ezberdin gehien ekartzen duena, hala nola, 15 sagar motatik gora, 7 bat udare klase, 3 aran ezberdin, irasagarra… Estimatuenak sagarretan gaziak omen dira, Bella Bosco edota Erreineten erregina deituak, eta Mantecosa de Ardi udaretan.
Zainzuri sustraiak
Landare postuak geroz eta jendetsuago izango direneko garaira hurbiltzen ari gara. Oraingoz bitxikeri moduan zainzuri sustraiak aipatuko ditugu. Otsai-lean hasi zen ekartzen Ibarrako Esther Ilarramendi eta jarraibide guztiak emango dizkizu hala behar izanez gero.