Ataungo Udalak iazko aurrekontu bertsua du 2017rako, 1,59 milioi euro
Udal idazkaria eta kirol teknikaria kontratatzea ditu esku arteko zereginak, orain. Kale argiteria hobetzeko azterketa hasiko du. Apalategi Beka sortu du, historia ikertzekoAbenduaren 22rako onartuta zeukan Ataungo Udalak 2017rako udal aurrekontua. 1.5...
Udal idazkaria eta kirol teknikaria kontratatzea ditu esku arteko zereginak, orain. Kale argiteria hobetzeko azterketa hasiko du. Apalategi Beka sortu du, historia ikertzeko
Abenduaren 22rako onartuta zeukan Ataungo Udalak 2017rako udal aurrekontua. 1.590.709 euroko diru saila izango du, iazko aurrekontuaren oso antzekoa (3.622 euro txikiagoa orain). Udal gobernuko EH Bilduren aldeko botoekin atera zen aurrera, eta Herrigintzak aurka bozkatu zuen.Asier Rodriguez alkateak orain esan duenez, udal lantaldea osatzea izango da aurtengo ahaleginetako bat. Idazkaria aukeratzeko prozesua hasita dago, 25 bat pertsonak eman dute izena. Azterketekin hasiko dira. Bien bitartean, Berastegiko (Gipuzkoa) udal idazkariak gidatuko du juridikoki Ataungoa ere (astearte eta ostegunetan etorri ohi da, 16:00-19:00).
Kirol teknikaria ere ekainean jubilatuko da, eta ordezkoa kontratatuko du udalak, lehiaketa bidez. Eskolarekin eta Guraso Elkartearekin koordinatuta lan egingo du, eskolaz kanpoko kirolak pisu handia duelako Ataunen. Egun osoko lanaldia izango du, eta ekainerako berria hastea nahi du udalak.
Bestetik, abenduaren lehenetik langile bat udal artxibo administratiboa digitalizatzeko lanean ari da. Horiez gain, herri-lan eta kanpo lanetarako hirugarren langilea hartuko du udalak, 9 hilabeterako. «Kasio bideak —oinezkoentzat herribide zaharra— mantentze lan asko ematen du. Horrako, eta zuhaitz inausketa nahiz lorezaintzarako ere bai».
Gainontzean, gaztelekuko dinamikarekin segituko du.
Kulturaren arloan, araudia egin du udalak, eragile eta elkarteei urteko ekitaldietarako dirua banatzeko. Aurtendik hasita, «gehixeago» banatzeko aukera izango da, diru saila hazita.
Historia ikertzeko beka
Beste berrikuntza bat kultura arlotik dator. Joxe Martin Apalategi Begiristainen omenez (Ataun, 1949 Bilbo, 2006), haren izeneko beka sortu dute, 13.000 euroz hornitua. Ataungo historiaren ikerketa izango du ardatz.
Festen diru-saila 3.000 euro hazi dute. Orain, hiru auzo nagusietako bakoitzak 11.000 euro jasoko du, jaiak antolatzeko.
Inbertsio aldetik, kale argiteria led teknologiaduna jartzen hasi nahi du udalak. Lehenik neurketa eta azterketa egingo dute, bai udal eraikinena, bai herri guztiko kale-argien kontsumoarena.
Kale-garbiketa makina bat ere erosi du, bigarren eskukoa (21.000). Lehen Idiazabalekin sozio zeukan Ataunek bat, %11ko partearekin. Furgoneta bat ere erosi du udalak (15.000). Otsailaren 28an ekarri zuten.