Egunak luzatzearekin batera ari da feria giroa udaberriz janzten. Lehen ilarrak agertu dira, eta loreen eta landareen aukera handitzen doa astetik astera. Eztizalea uztailera arte agurtu da.
Jendetsua izan zen atzoko feria. Helburu eta asmo ezberdinekin etorritako lagun asko plazara inguratu ziren goizean, udaberriko ziza biltzaileak, adibidez. Gramo gutxiko altxorra zekartela, «aurten berandu eta gutxi» eta, ondorioz, are eta estimatuagoa izango zela zioten. Atzo, saltzeko lain ez, eta opari gisa eman zuten 50 gramo inguruko eskukara. Garai honetarako, hemengoa ez ezik, kanpokoa ekartzen hasiak izan ohi dira, baina sasoia hasi denik ezin esan oraindik.
Azken sagarra esanez ezagutzera eman genezake mokotea edo mokotxoa. Gabiriako Noare Etxeberriko Juanita Lazkanok ekarri zuen: «Udazkena oso aurreratuta bildu eta ontzen utzi behar izaten da, orain gozo-gozo jateko puntuan dago».
Lehen ilarren zain bezeroa
Goiz asko saldu zituen Aramako Aiesta baserriko Miren Jauregik lehen ilarrak, Lincoln motako bi kilo. «Berez orain bi hilabete ekarri behar nituen, baina izotz haiek lehen leka lehortu eta bigarren loraldira itxoin behar izan da». Kiloa 13 euroan, Oiangu jatetxekoek eraman zituzten.
Eta poliki-poliki, baina aro berrian sartzen ari gareneko lehen seinaleak erakusten dizkigute landare eta lore postuek ere: geranioa eta surfinia, eta piperra eta tomatea dira deigarrienak. Hori bai, negutegi ezean itxoitea hobe piper eta tomateari dagokienez.
Joan zen astean Idiazabalgo Kalbarioko fruta saltzailearen agurra aipatzen genuen. Atzotik beste postu baten hutsunea somatuko dugu uztailera arte. Jon Etxeberria Ataungo erlezainak urteko eztia saldu du eta dituen 100 inguru erleak zaintzeari eskainiko dizkio hurrengo hilabeteak. «Ondo bidean, loraldiaren arabera beti ere, berriz uztaila erditsuan erromero eztiarekin bueltatuko naiz». 2016ko bilan baikorra egin du ezti biltze eta saltzez, baita Ordiziako ferian lagun dituen bezeroei buruz ere.
Errenteriatik Ordiziara
Irakaspen aberatsa eta bertatik bertakoa jaso zuten Errenteriako Lizarain ikastolako LH-4ko 80 ikaslek. Hemengo barazkien ezagutza, dieta orekatua… horrelako gaiak lantzeko helburuarekin etorri ziren merkatura eta ilusio eta interes handiarekin jarraitu zituzten postuz postuko azalpenak. Maite Iturbe irakaslearen esanetan, «elikagaien eta ohitura osasuntsuen gaia lantzeko toki aproposa da eta garaian garaikoa tokian bertan ezagutu dezaten bultzatu dugu».