Gipuzkoako Mendizale Federazioak antolatuta, bost herritan egingo dute aldi berean. Eskolarteko 30. Mendi Lehiaketa da aurtengoa. Udaletxetik aterako dira
Ibilaldi neurtua Idiazabalen // Jon Esnaola
Igandean, Ormaiztegin eta Gipuzkoako beste lau herritan ibilaldi neurtuak egingo dituzte. Irteera ordua 8:30 eta 9:00 artean jarri dute eta ikasleak udaletxetik atera beharko dira ibilaldi laburra edo luzea egiteko.
Ibilaldi laburra sei kilometrokoa da eta udaletxetik aterata, Zelandietatik Liernira igo eta herrigunera jaitsiko dira. Ibilaldi luzea, berriz, hamabi kilometrokoa da eta, behin Zelandietara igota, Santa Engrazira jaitsi eta Zeraindik nahiz Mutiloatik pasata, Liernira iritsiko dira mendizaleak Ormaiztegiko herrigunera iritsi baino lehen.
Zubipe kiroldegian egongo da aparkalekua eta kontrol postuak Zelandietan, Zerainen eta Liernin jarriko dituzte. Hamaiketakoa Liernin egingo dute.
Ibilaldiok Gipuzkoako Mendizale Federazioak antolatzen ditu, aurtengoa Eskolarteko 30. Mendi lehiaketa da jada. Edonola ere, helburua ez da irabaztea, erregulartasuna baizik. Ibilaldi neurtuak aldi berean egingo dira igandean Ormaiztegin eta Zarautzen, Andoainen, Bergaran eta Irunen.