Euskararen alde sagarrondoak landatu dituzte Idiazabalen
Idiazabalgo guraso elkarteak eta Aita Iparragirre ikastetxeak bat egin dute, Baionan Bernard Etxepare lizeoak eraikuntza berria egin ahal izateko martxan jarritako ekimenarekin eta 'urtebi txiki' motako hiru sagarrondo landatu zituzten ostiral arratsal...
Idiazabalgo guraso elkarteak eta Aita Iparragirre ikastetxeak bat egin dute, Baionan Bernard Etxepare lizeoak eraikuntza berria egin ahal izateko martxan jarritako ekimenarekin eta ‘urtebi txiki’ motako hiru sagarrondo landatu zituzten ostiral arratsaldean, skate parkearen ondoan. 170 pertsona inguru elkartu ziren guraso, irakasle eta hiru urtetik LH6 arteko ikasleen artean.
Bernard Etxepare Lizeoa, formakuntza osoa euskaraz egiten duen Ipar Euskal Herriko lizeo bakarra da. «Euskararen egoerarekin kezkatuta» ekimen hori aurrera eramatea erabaki dute Idiazabaldik.
Eraikinaren barrualdea hornitzeko 300.000 euro behar dituzte, mahaiak, aulkiak, arbelak, armairuak eta beharrezko guztia erosi ahal izateko. Diru hori lortzeko helburuarekin, Etxepare Lizeoko ikasleak, irakasleak eta gurasoak sagarrondoak saltzen ari dira, Hazten gaitu, hazten dugu kanpainaren bidez. Sagarrondo baten truke, 30, 50 edo 100 euro edo gehiagoko laguntza eman daiteke internet bidez, www.betxepare.eus webgunean. Sagarrondoa norberak eraman eta landa dezake, edo Baionan sortuko duten Euskararen sagartzean edo sagastian landatzeko utzi daiteke.
Eraikuntza berria 2017ko irailerako martxan jartzea aurreikusten da, 300 ikaslerekin.