Jose Luis Ugartek landu eta aurkeztu duen mapan Aizkorriko gainen izenak berrikusi ditu. Zegamako leku-izenen inbentarioa egin dute. Ikerketa 2015ean hasi zuten
Zegamako Udalak, 2015ean, toponimia mapa berritzeko enkargua egin zion Legazpiko Burdinola elkarteari. Mapa osatzeko egindako ikerketaren prozesua eta emaitza nagusiak herenegn aurkeztu zituen elkarteko kide Jose Luis Ugartek. Emaitzen artean, Aizkorriko gailurren izendapenak dira nabarmentzekoak. Hain zuzen, ondorioztatu dute Aizkorriko gainik garaienaren izena ez dela Aitxuri, Aketegi baizik. Aketegi mendiak gailur ugari ditu, eta horietako bat da Aizkorriko altuena. Aitxuri jartzen duen mendi tontorra, aldiz, Aitzabal da. Aitzabal zabalgune bat da, Aketegi eta benetako Aitxuriren artean dagoena. «Hori hala dela baieztatzeko Zegamako goialdeak ondo ezagutzen dituzten artzainengana jo besterik ez dago», dio Ugartek.
Hasteko, agiritegietako dokumentuak eta argitalpenak arakatu zituen. Ondoren, mendi ibilaldiak eta zegamarrekin elkarrizketak egin. Aizkorri mendikatearen goialdea aztertzeari ekin zion, azkenik. Hiru arrazoi eman ditu Ugartek tontorrak azkenerako uzteko: «Bat, behekoa ondo aztertuta edukitzeak oinarri sendoa eskaintzen zuelako; bi, udaberri euritsuak ez zuelako lan horretara gonbidatu; eta, hiru, artzainak topatzea errazagoa zelako».
Ikerketa lanaren azkeneko txanpan iritsi ziren ustekabeak: «Erreferentziak behin ondo hartuta, artzainengana jo genuen eta, ustekabean, ordura arteko mapetan azaltzen ez ziren izenak jasotzen hasi ginen». Une hartan bistaratu zituzten Aitxuri, Aketegi, Aitzabal, Kanal eta Andraitz tontorren zein lekuen izenen gaineko okerrak.
Toponimiaren garrantzia
Ugartek azaldu duenez, «leku-izenak, euskara bera bezalaxe, denboran zehar aldatu egiten dira. Horregatik, aldea dago jatorrizko leku-izenetatik gaur egun ahoz erabiltzen diren leku-izenetara». Zegaman gizakiaren arrastoa nonahi dagoela dio, eta bereziki egin dio azpimarra harriaren lanketari eta eraisteari.
Tokien izenak ezagutzearen garrantziaz galdetuta, Ugartek adierazi du: «Toki-izenek informazio asko ematen dute, ondo jasota, ondo aztertuta eta ondo kokatuta badaude. Herri baten historiaren atalak erakusten ditu, paisaiaren gaineko informazioa, bertakoa euskara zaharra, deituren jatorria…». Hain justu, hori da Burdinola elkartearen bokazioa. Mapak ez du egindako ikerketa guztia jaso, baina egindakoaren isla ona da.
812
Toponimo edo leku-izen. Zegamako mapa toponimiko berrian kokatu dituzten leku-izenak dira. Horietatik 263 baserrien, kaleko etxeen, ermiten, errota eta burdinola historikoen izenak dira. Mapan kokatu, eta informazio gehigarria atxiki diete izenei. Etxe den-denak ez daude, hainbat arrazoigatik. Esate baterako, azken hamarkadetan eraikitakoak ez daude.