Udaleko, Ilintiko eta Ikerpartners enpresako ordezkariek plana aurkeztu dute. Eskaria eta eskaintza inkesta bidez aztertuko dituzte. Hiru hilabetean plana eginda nahi dute
Ikerpartners enpresak kudeatuko du Legazpiko merkataritza biziberritzeko plana. Erik Galvez Legazpiko Udaleko zinegotziak esan du 2008tik 2015era denda kopurua %25,7 jaitsi dela 140tik 104ra eta ostalaritzan beherakada %9,5ekoa izan dela; datuok Ikerpartners enpresak atera ditu. Aholkularitza enpresako Iñigo Artetxek «merkataritza txikiaren egoera zaila» dela esan du. Galvezek sektorearen birmoldaketa beharrari azpimarra egin dio: «Eskaintza hobetu nahiz modernizatu, eta kontsumo ohiturei erantzutea nahi dugu».
Lehenengo aldia da Legazpin halako plan bat martxan jartzen dena. Udala Ilinti merkatari elkartearekin elkarlanean arituko da eta Eusko Jaurlaritzak planaren aurrekontuaren %75 bere gain hartuko du. Ilintiko Koro Paternainek esker ona agertu dio udalari plana martxan jartzeagatik. «Gure sektorearen egoera gero eta zailagoa da. Merkataritza biziberritzeko plan hauek arrakasta handia izan dute beste herri batzuetan eta legazpiarrei parte hartzeko eskatzen diegu».
Izan ere, plana diseinatu aurretik egoeraren diagnostikoa egingo dute eta urrats horretan legazpiarren iritzia jasotzea ezinbestekoa izango da. Hain zuzen, eskariaren eta eskaintzaren egoera aztertuko dute.
Eskaria eta eskaintza
Eskariari dagokionez, astelehenetik aurrera telefonoz inkestak egiten hasiko dira kontsumo ohiturak aztertzeko. Kalean ere inkestak egingo dituzte legazpiarren iritziaz gain bisitarien iritzia ere jasotzeko. Eskaintza aztertzeko merkatarien artean inkestak banatuko dituzte eta inkesta bera udalaren webgunearen bitartez erantzuteko aukera izango da. Inkestez gain, merkatariekin bestelako dinamikak martxan jarriko dituzte.
Bide batez, tokiko ekonomia aztertzeko mahaia abiaraziko dute, zeinetan udaleko ordezkariek, Ilintiko merkatariek eta Ikerpartners aholkularitza enpresako kideek parte hartuko duten. Behin diagnosia eginda, plana hiru hilabeteren buruan aurkezteko moduan egongo direla aurreratu du Ikerpartnerseko Artetxek.