Agenda 21eko Foroa, etenik ez
2001ean martxan jarri, eta «herritarren parte hartzerako mekanismo iraunkorra» dela diote udaletik. 25 bat lagun doaz forora, kide berriak erakarri nahi dituzteLegazpi aitzindaria izan zen Agenda 21eko Foroa martxan jartzen. Aurten egin dituzten lehe...
2001ean martxan jarri, eta «herritarren parte hartzerako mekanismo iraunkorra» dela diote udaletik. 25 bat lagun doaz forora, kide berriak erakarri nahi dituzte
Legazpi aitzindaria izan zen Agenda 21eko Foroa martxan jartzen. Aurten egin dituzten lehenengo tailerretan aurreko urtean egindakoaren ebaluazioa egin dute. Orain, aurrera begira jarri dira aurtengo egutegiaren diseinuaren lanketan. Edonola ere, foroari hauspoa emateko tenorea dela uste dute udaletik: «Zaila egiten zaigu jende berria erakartzea. Gaiaren arabera, berriak etortzen dira, baina gero ez dute beti jarraitzen».Testuinguru horretan, iaz egindakoa legazpiar guztiei zabaldu nahi diete bertan egiten dena eraginkorra dela aditzera emateko; areago, «herritarren parte hartzerako mekanismo iraunkorra» dela diote udaletik. Iaz asiar liztorraren eragina aztertu zuten; besteak beste, Legazpiko baserrietan liztorroi zepoak jartzeko kanpaina burutu zuten.
Legazpi Klima 2030 planari ere heldu zioten. Udalerria egun nola dagoen eta 2030ean nola egon daitekeenaren inguruko gogoeta egin zuten, beti ere klimari dagokionean. Bide batez, planean jasotako ekintzak aletu zituzten.
Eskola Agenda 21aren arloan ekonomia iraunkorra landu zuten eta urrian Latxartegin aparkaleku bat egiteko proiektuari errepasoa egin zioten; agiri teknikoa zertan zen eta ondoren plangintzako kontseilu tekni-koak azterketa egin beharko zuela aurreikusi zuten.
Iazko azkeneko tailerrean basoaren kudeaketa plan iraunkorra hizpide izan zuten, baita martxan jarri ere. Basoen gaiari lotuta, landare inbaditzaileen egoera aztertzeko eskatu zuen foroko kide batek: «Leku zehatzetan landare horiek agertzen ari direla ikusi, eta herritarrei, batik bat mendian ibiltzen direnei zuzendutako kanpaina eguneratu behar dela uste dut».
Datorrena
Aurten, Mugikortasun Iraunkorreko Plana lantzeko asmoa dute. Hain justu, apirilaren 6an egingo duten hurrengo bileran gaia aztertuko dute plan berriaren diagnostikoa eta ekintza plana egiteko. Maiatzeko eta ekaineko tailerretan, Eskola Agenda 21aren baitan, klima aldaketaren gaiari helduko diote. Legazpi Klima 2030 gaia ere tailer horietan sartu dute, baina oso lotuta daudenez egutegiaren eta gaien aurrerabideen arabera neurtuko dute elkarrekin landu ala ez. Urritik abendura bitarteko tailerretako gaiak ez dituzte oraindik zehaztu.