Aitor Iraeta. Goierri BirZirik, Birziklapenaren Aldeko eta Mutiloako Zabortegiaren Aurkako Elkartearen izenean
Lehenik eta behin, Goierri BirZirik elkartearen izenean, lankidetzarako zure burua eskaini izana, berandu bada ere, eskertu nahiko genuke. Poztu egin gaitu gure eskutitz irekia irakurri eta erantzun izanak. Izan ere, bost hilabetez Mutiloako Udalak izan ez duen ohorea da hori, nahiz eta behin eta berriz saiatu diren zuen aldetik informazioa eta laguntza lortzen. Udalak jarduera baimena eman –ez borondatez, ondorio juridiko eta ekonomiko neurrigabeen mehatxuagatik baizik- eta hurrengo egunera arte zai egon zarete, lotsa gabe, bilerarako eskaera onartzeko.
Zure idatzian behin eta berriz ikusten dugu iraganeko kontuak ekarri eta gaitzezpenak, eta hori bera da, hain juxtu, azken egunetan esaten gabiltzana: herritarrok nazkatuta gaude zuen ika-mikak entzuteaz eta sufritzeaz. Utzi behingoz zuen arteko interes politikoak, eta kudeatu gaia modu arduratsu batean.
LURPE isurtegira hiri-hondakin nahasiak botatzeko erabakia behin-behinekoa omen da, baina jakin badakigu isurtegi bera proposatu izan dela erraustegiko zepa botatzeko. Erantzun, mesedez: nora eramango dira zepa horiek? Orduan ere, herritarren nahiaren gainetik, LURPEra eramango dira? Zeintzuk izango dira kopuruak?
Gaur egun isurtzen diren Industria Hondakin Geldoak eta LURPEra eraman asmo dituzuen Hiri Hondakin Nahasiak berdinak omen dira. Baina biak ala biak ‘hondakin ez-arriskutsu’ gisa sailkatuta badaude ere, ez dira hondakin mota bera.
Isurtegi bat martxan egonik, ez omen dauka zentzurik beste bat irekitzeak. Zer dela-eta itxi zen, orduan, Sasietako zabortegi publikoa, arazo hau bazegoela jakinik? Zabortegi publiko hura itxi eta urtebetera, 4 km-ra dagoen isurtegi pribatua zabortegi bihurtu nahi da. Eta gure aurreko gutunean genion bezala, hori egiten duzuen aldi berean, irratian Foru Aldundiaren iragarkiak entzuten ditugu, Gipuzkoak zabortegi guztiak itxi dituela esanez.
Logikoa iruditzen zaizu alboko probintzietako bizilagunek gure arazoak konpondu nahi ez izatea. Aldiz, gipuzkoar landaguneak probintzia osoaren arazoa konpon dezan nahi duzu, denok ahalegin bera egiten ez dugula jakinik. Nola nahi duzu Gipuzkoa solidario bat sortu, hondakin-bilketaren emaitzetan horrelako desberdintasunak izanik? 2002tik 2016ra bitartean eginiko lanketan, eskualde guztiek ez dute bide bera egin. San Marko eta Txingudiko mankomunitateen artean, Gipuzkoako hondakinen % 60 (98.000 tona/urteko) sortzen da. Biztanleko datuak hartuta, mankomunitate horretako biztanleek Debagoienakoek baino % 380 hondakin nahasi gehiago sortzen dute! Ez al zaizu iruditzen badagoela zer hobetu? Instituzioek nahi izanez gero, orain 166.000 tn/urteko arazoa dena 50.000 tn/urteko arazo bihurtuko litzateke epe motzean.
GHHKPO/PIGRUGaren defendatzaile gisa aurkezten duzu zure burua, baina plan orokor hori iraungita dago. Aldiz, berritasunen artean Europak jarritako helburuak daude; aste honetan bertan, % 70eko birziklatze-tasa minimoak onartu dira. Aukera hau probestuz, berehalako ahalegina egiteko eskatu nahi dizugu, emaitzak hobetu eta hondakinek sortutako arazoa txikitzeko. Ez ditugu gurean nahi urteko 100.000 tona horiek. Ingurumen Ahalduna zaren aldetik, zaindu landaguneetako ingurumena eta ez kaltetu, besteak beste, Foru Aldundiak bultzatutako Bide Berdea.
-Aitor Iraeta. Goierri BirZirik, Birziklapenaren Aldeko eta
Mutiloako Zabortegiaren Aurkako Elkartearen izenean