Euskarazko irakurzaletasuna bultzatzeko hiru hilabeteko ekintza sorta antolatu dute Beasainen

'Irakurri, gozatu eta oparitu' kanpaina jarri dute gaur abian, Legazpin, Ordizian, Lazkaon eta Zaldibian bezala. Ekainean Goierriko Irakurle Taldeen I. Topaketa egingo dute.
Gurutze Sukia, Xabier Matarranz eta Olaia Eskitxabel.

Gurutze Sukia, Xabier Matarranz eta Olaia Eskitxabel.

Apirilaren 23an ospatzen den Liburuaren Nazioarteko Egunaren aitzakian, irakurzaletasuna sustatzeko egitasmo berria aurkeztu dute Beasainen, Udalak, Udal Bibliotekak, Irakurle Taldeak, Aldabek eta Asmubeko Irakurle taldeak elkar hartuta. Orain arte egin diren ekintza solteak bateratu eta berriak gehitu dizkiete aurten. «Beasain mailan egiten diren irakurketa saioak, ipuin kontaketa, idaz lehiaketa,.. testu idatziarekin egiten den guztiaren aterpe bat sortu dugu nolabait», esan du Xabier Matarranz Kultura zinegotziak aurkezpenean.Hiru hilabeteko ekintzak bildu dituzte egitarauan; ostegunean pintxo potearen garaian kalean banatuko dituzte Hankapaloen laguntzarekin.

Irakurri, gozatu eta oparitu kanpaina da horietako ekintza bat, Legazpin, Lazkaon, Ordizian eta Zaldibian egingo duten bezala. Maiatzaren 23ra bitartean, udal bibliotekan euskarazko liburua hartzen dutenek fitxa bat beteta itzuli eta Mirentxu liburudendan euskarazko liburu bat erosteko %35 deskontu txartela emango zaie. Horrekin batera, hilabetero, 30 euroko txeke bana zozkatuko dute. Kanpaina horrekin, euskal literatura eta irakurzaletasuna bultzatu eta udal bibliotekako erabiltzaileak gehitu nahi dituzte.

Berrikuntzak

Egitasmo berrian hainbat berrikuntza izango da. Udal Bibliotekan adibidez, liburu trukerako gunea inauguratuko dute eta euskarako liburu gomendatuen katalogoa aurkeztuko dute apirilaren 28an. Ekainean, berriz, Goierriko Irakurle Taldeen I. topaketa egingo dute.

Egitaraua

Martxoan

  • Asteazkenean. Udal Bibliotekan, 17:30ean Bazen noizbait, nonbait, norbait… zerbait egiten ipuin kontaketa.
  • Ostegunean. 19:30etik 20:30era kalean zehar, Hankapaloak eta egitarauaren banaketa.
  • Ostiralean. 17:30an, Igartzako jauregian, Irakurle Taldeak Leire Ibargurenen Laura esaten zioten. Miren Odriozolaren borrokak liburua aztertuko dute.

Apirilean

  • Apirilaren 6an. Udal Bibliotekan, Bibliotekako irakurzaletasuna saritzea.
  • Apirilaren 23an. 12:00etan, Igartzako jauregian, XXVII. Beasain Idazlehiaketako sari ematea.
  • Apirilaren 24an. Miren Agurne Meaberen Zer da maitasuna liburuaren analisia egingo du Asmubeko irakurle taldeak.
  • Apirilaren 28an. 17:00etan, Udal Bibliotekan, liburu trukerako gunearen inaugurazioa eta euskarazko liburu gomendatuen katalogoaren aurkezpena. Irakurle Taldearen solasaldia: J. M. Coetzeeren Lotsaizuna.

Maiatzean

  • Maiatzaren 6an. Loinazko San Martin plaza azpiko azokan, Iker Markinez sukaldariaren aurkezpena.
  • Maiatzaren 9an. Irakurketa Erraza Tailerra, Fernando Morilloren Santiago bidearen misterioa.
  • Maiatzaren 13an. 17:00etan, Igartzako jauregian, Galtzagorriko Ixabel Agirresaroberen Igartzako ondare kulturalean oinarritutako ipuin kontaketa.
  • Liburu festa udaberrian. Baietz 500 liburu irten kalera erronka. Data zehaztu gabe dago.

Ekainean

  • Goierriko Irakurleen Topaketa. Data zehaztu gabe dago.

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend