Aurrekontuak eta ardura
–Izaro Intsausti Zinkunegi (Ordiziako EH Bilduren izenean)
Gaia hain serioa ez balitz, barregarria izango litzateke! PNV-PSOEren udal-gobernuak dio oposizioak interes politikoak herritarren gainetik jarri dituela aurkeztu dituzten 2017ko aurrekontuak atzera bota ditugulako. Errealitateak eta zenbakiek ordea, lotsak airean uzten dizkio udal gobernuari beste behin.
2017ko aurrekontuak legegintzaldiko bigarren aurrekontuak dira, eta horregatik, ezertan hasi baino lehen, 2016koekin zer gertatu den jakin beharko genuke. Oposizioa izan zelako alderdikeriak albo batera utzi, eta Ordiziako historian ia sekula gertatu ez den bezala, 2016ko aurrekontuak aho batez onartzeko konfiantza eta esfortzua erakutsi zituena. Alabaina, gaur argi esan dezakegu iaz emandako konfiantza horrek ez duela fruiturik eman, udal gobernuak adostutakoa ez duelako bete, eta interesatu zaizkion inbertsioak baino garatu ez dituelako.
2016an 1.104.000 euro inguruko inbertsioak adostu genituen, 2015eko soberakina aurrekontura txertatu ondoren, baina tamalez, horietatik ia heren bat ez da gauzatu, 336.000 euro inguru! Benetan deigarria dena ordea, zaku horretan oposizioak aurrekontuak onartzeko negoziaketetan egindako proposamenak besterik ez egotea da. Gainera, egitasmo gehienak Ordizia Zabalik parte-hartze prozesuan ordiziarrek eskatutakoak zirenean: hileta zibilen aretoa, kultura berrantolatzeko lokalen erosketa, Garagartzako estalpea, San Joan-Buztuntza-Altamira oinezko ardatzaren azterketa, edo herri baratzak besteak beste. Nor da beraz, interes politikoa ordiziarren interesen gainetik jarri duena?
Udal gobernuak argi utzi digu beraien aurrekontuak onartzea txeke zuri bat eskaintzea bezala dela, eta ez gaude prest berriro beteko ez diren proposamenak landu, eta antzezlan honetan beste behin parte hartzeko. Iaz egindako proposamenak burutu ez, eta nola nahi dute bada ekarpen berriak egitea? Paperean gera daitezen beste behin?
Guk erakutsi dugu adostasunetara heltzeko gaitasuna badugula, adostasun horiek betetzeko ardura da oraindik udal gobernuak erakutsi ez duena, eta zain gaude, iaz emandako hitza bete dezaten zain.
–Izaro Intsausti Zinkunegi (Ordiziako EH Bilduren izenean)