Harrera familiak urritzen ari direla ohartarazi du elkarteak, nahi eta behar baino gutxiago izateraino. 'Oporrak bakean' programa 8-12 urte arteko 350 umeentzat da. Izena eman dezakete sendiek
Goierritarrentzat udako hilabeteak eguzki kiskalgarriarenak diren era berean, Saharako errefuxiatu kanpalekuetan bizi diren haurrentzat arindu ederra suertatzen dira. Basamortuko 55 graduko infernutik atera, eta oporrak eta bakea gozatzeko aukera izaten dute, kolpe berean.
Oporrak bakean programaren bidez, aurtengo udan 350 haur sahararrak euskal familietara etortzeko kanpaina hasi dute, Sahararekiko elkartasun elkarteek.
Goierri behean Algamar-Goierriko Sahararen Lagunak Elkarteak kudeatzen du harrera familien zerbitzua. 8 urtetik 12ra bitarteko neska-mutilak etorriko dira, eta uztail-abuztuan etxean hartzeko sendiak behar dituzte.
«Azkeneko urteetan harrera familiak gutxitu egin dira. Nahi eta behar baino gutxiago daude gaur egun», azaldu du Algamar elkarteak. Sendi gehiago lortzeko,
Oporrak bakean bueltan kanpaina hasi dute.
Helburua, kopuruari eutsi
Gainbehera hori geratzeko eta joera iraultzeko, haurrak etxean hartzeko prest dauden familien bila hasi da Algamar. «Bueltan etorriko diren haur saharar kopurua mantentzeko ahalegin berezia egiten ari gara, Gipuzkoan eta Euskal Herri osoan». Denera 100 familia behar dituzte.
Interesatuentzat informazioa emateko bideak jarri ditu Algamarrek. Telefonoz hots egin (659 535 073) edo posta elektronikotik (
geroa329@hotmail.com) mezua bidal dakieke .
Iaz 11 haur izan ziren
2016an,
Oporrak bakean egitasmoarekin 11 haurrek igaro zuten uda eskualdean. Goierri garaian 7 haur hartu zituzten, Hare Haizea elkartearen bidez. Goierri behean, berriz, lau. Kopurua hazi nahi dute aurten.
‘Amasahara’ erakusketa jarri dute Zerainen
Maiatzak 20 Elkarteak osatu duen ‘Amasahara’ argazki erakusketa Zerainen jarri dute ikusgai. Apirilaren 8ra arte egongo da, kultur etxean. ‘Oporrak bakean’ programarekin lotura du. Amasa (Amasa-Villabona)?eta Sahara hitzen uztartzetik atera dute ‘Amasahara’; Azken hiru urtean, aldiko 13-14 haur hartu dituzte han, udetan. 21 erretratu eta artelanak daude bilduman.