Segurako Errebote eremuko proiektua idazteko 30 arkitekto gazte elkartuko dira aterpetxean, apirilaren 17tik 22ra. Iritzia emateko aukera izango dute herritarrek
Seguran pausoz pauso eta herritarren iritziak eta ekarpenak jasoz ari dira Errebote, plaza, pilotaleku zaharra, arboladia eta eliza ingurua berritzeko lanketa egiten. Herritarrek bileran egindako proposamenetako batzuk izan dira Kale Nagusia ixtea, estalpea eraikitzea, parke berria egitea, komun publikoak sortzea, Errebote eta Arboladia elkartzea, iturria, eserleku gehiago eta hondakinak biltzeko ontzi gehiago jartzea, berdeguneak mantentzea, plazako zorua konpontzea, erabilera anitzeko gela sortzea, biltegia egitea eta argiteria hobetzea. Horri guztiari paperean forma emateko garaia da orain eta
Workshop metodologiaren bidez egingo dute proiektuaren lehenengo idazketa. «
Workshop metodologia aukeratu dugu herritarrek zuzenean parte hartzeko aukera izango dutelako. Arkitektura lehiaketa batekin ez litzateke aukera hori egongo», dio Axier Alustizak. Duna arkitekto eta diziplina anitzeko profesional taldeak dinamizatuko du Arkitektoen lantegia; besteak beste, taldekide den Koldo Telleria arkitekto segurarrak. Udaleko arkitektoak ere parte hartuko du.
Apirilaren 17tik 22ra egingo da lantegia. Aterpetxean hartuko dute ostatu, eta lanerako gunea kultur etxea izango dute.
Izen ematea etzira arte
Euskal Herriko Unibertsitatearen laguntza du Segurako lantegiak eta 30 arkitekto gaztek izango dute bertan parte hartzeko aukera. Dena den, arkitekturan, hirigintzan eta espazio publikoan eragiten duten diziplinei zuzendua dago. Batez ere, espazio publikoa elkarlanean sortu nahi duten pertsonei. Larunbaterako eman behar dute izena, 50 euro ordainduta. Parte hartzeko hainbat baldintza bete behar dira: titulazopa azken bost urteetan lortua izatea, ikasketetan azken kurtsoetan aritzea edo masterra egiten aritzea. Espainiako Estatu osoko unibertsitateetara bidali dute gonbidapena.
Herritarren parte hartzea
Goizetan kultur etxean elkartuko da lan taldea eta arratsaldean, berriz, herritarrekin batera arlo desberdinetako hitzaldiak eta mahai inguruak izango dituzte. Afaria herriko elkarte desberdin batean egingo dute egunero. «Afal ondorenak oso aprobetxagarriak izaten direla esaten du Koldo Telleriak», Aimar Balerdik azaldu duenez. Herritarrak hitzaldietan parte hartzera gonbidatu nahi dituzte udaletik.
Azkeneko egunean proiektuen aurkezpena egingo dute, eta saiatuko dira guztiak bateratuko dituen ideia bat lortzen. Dena den, «ez da behin betiko proiektu bat aterako; ideiak aterako dira eta oraindik forma gehiago eman beharko zaio», argitu dute. Kontzertuarekin bukatuko dute jardunaldia.
Igandean Seguran
Horrelako proiektu bat idazteko garrantzitsua da herria bera ondo ezagutzea arlo eta ikuspegi desberdinetatik. Honela, lantegiko hainbat partaide igandean lore eta landare azokan izango dira eta datorren astean Iparra-Hegoan, «batetik, ikusteko herria nola antolatzen den gune horietan, eta bestetik, egun horietan karpak edo estalpeak zein garrantzia edukitzen duen ikusteko». Kanpandorrera ere igoko dira, ikuspegi osoa hartzeko.