Bareak elkartearen eta Beasaingo Udalaren elkarlanetik sortu da. Elkarteko dendetan eta Caja Ruralen eskatu beharko da. Beherapenak izango dira erabiltzaileentzat; kiroldegirako eta liburutegirako ere balioko du
Beasaingo merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak sustatzeko, eta beasaindarrek herrian bertan kontsumitzera bultzatzeko helburuarekin, Beasain Txartela izeneko Visa txartela sortu dute Bareak elkarteak eta udalak elkarlanean. Caja Rural banke- txearen bitartez lortu da proiektua martxan jartzea.
Herritarren esku dago orain proiektuak aurrera egitea. Bareak elkarteko dendetan edo Caja Ruralen eskatu ahal izango da txartela hamabost bat egun barru. Visa txartel arrunta denez, Beasainen izena mundu zaba-lean zabaltzeko aukera emango du Beasain Txartelak. Beasaindarren izaera islatzen duen Igartza Monumentu multzoaren gaueko argazkia da Visa txartelaren irudia
Hainbat onura
Beasaindarrak herrian bertan erosketak egiteagatik beherapenak izango dituzte Beasain Txartelarekin. Maiatzean, esate baterako, %15eko beherapena izango da Bareak elkarteko dendetan. Erosketak 3 hilabetean finantzatzeko aukera ere izango dute erabiltzaileek, inongo interesik ordaindu beharrik gabe.
Horrekin batera, hainbat udal zerbitzutarako ere baliagarria izango da: Antzizar kiroldegia eta udal liburutegia erabiltzeko, eta udaletxean hainbat ordainketa egiteko.
Txartela doakoa da, edozein banketxetako erabiltzaileek eskatu dezakete, Caja Ruralen beste konturik ireki beharrik gabe. Munduko edozein kutxazain automatikotan erabil daiteke.