Bihar aterako dira Legazpiko Domingo Agirre eskolatik bertako ikasle zein familiek emandako materiala eramango dutelako. Pandemonium Raida egitera doaz.
Bihar aterata, bi egunetan egingo dituzte Legazpi eta Tarifa (Cadiz) herrien artean dauden mila bat kilometroak. Tarifan ferryra igoko dute aurrez prestatutako Suzukia eta, behin Tangerren, ibilbide liburua jasoko dute. Aitor Balerdi eta Dani Martin Pandemonium Raid solidarioa egitera doaz. Autoa Marokon banatzeko oinarrizko beharrei erantzuteko material bete eramango dute. Iaz ere egin zuten raida eta hain gustura geratu ziren aurten errepikatuko dutela.
Guztira 4.000 eta 5.000 kilometro artean beteko dituzte. Irteera neurtua egingo dute Loiutik (Bizkaia) bihar; Loiutik Tarifara iritsiko dira. Marokon igandean ekingo diote raidari. «Marrakexera iritsiko garela badakigu, beste etaparen bateko helmuga non egongo den ere sumatzen dugu, baina Tangerrera iritsi arte ez dugu ibilbidearen berri izango», azaldu du Balerdik. Pandemonium Raidak ezaugarri bereziak ditu: solidarioa da eta abenturatik ere badu.
Ibilgailuek 25 urte baino gehiago izan behar dituzte eta ibilbidearen xehetasunak ez badakizkite ere, 2.000 kilometro inguru bete beharko dituztela badakite. Sei etapa egingo dituzte; bat eguneko. Apirilaren 1ean amaituko da abentura.
Abentura gosea
Balerdi elektrikaria da eta Martin mekanikoa. Iaz abentura bila zebiltzan raid bat egiteko gogoz. «Pandemonium Raida topatu genuen eta perfektua iruditu zitzaigun, hain zuzen abentura eta elkartasuna biltzen zituelako», dio Balerdik.
Martinek bere mekanika jakintza ipintzen du abenturan eta Balerdi nabigazioaren kapitaina da. «Iazkoa oso esperientzia polita izan zen», dio Balerdik, «iritsi ginen eta etapetan abiadura baino, orientazioa eta erregulartasuna behar zirela jabetu ginen». Abiadura bizian ez joateko beharrak geratu, eta bertakoekin hartu-emanak izateko aukera eman zien. «Atlasean irudi gogorrak ikusi genituen, sandaliatan zebiltzan elur gainean. Umeak arropa gutxirekin ikusi genituen», jarraitu du Balerdik.
Hango behar izanen berri bazuten iaz joan aurretik eta Martinek azaldu duenez, «autoa bete-beteta eraman genuen. Guardia Zibilarentzat itu perfektua ginelakoan eta, halaxe izan zen, bi-dean geratu baikintuzten. Behin Marokoko muga pasata, inork ez gintuen geratu».
Martinek hitzak jarri dizkio iazko esperientziak barrenean utzitakoari: «Nire burua aurkitu nuen, ez nuen sakelakorik eraman, kidearekin 24 orduak egiten dituzu eta eztabaidaren bat izan daiteke, baina dena da elkarrekin ongi egoteko gogoa». Ahaztu ezingo duen irudi bat baino gehiago ere gorde du: «Urrutira bakarrik bizikletan zetorren umea ikusi genuen, ezerezaren erdian, hura gu laguntzera zetorren! Galleta bat eman genion eta haren aurpegia ez zait ahaztuko».
Abenturatik ere badu. Desertuan sartu bai, baina tarteka nola aterako ziren ere ez zutela jakin aitortu dute. Matxuratutako auto ugari geratzen ziren eta Martinek esku bat bota zien. Balerdik etapa batzuk besteei laguntzeagatik galdu zituztela dio, pozarren esaten du halere, ongi egin duenaren harrotasunarekin. Raidaren amaieran saria jaso zuten euren elkartasunak beste gidariak ukitu zituelako; talde solidarioaren saria jaso zuten, hain zuzen. Sari horri esker, aurten izena ematerakoan ordaindu beharrekoaren erdia musu truk daukate.
Hastear dagoen raida prestatzeko laguntza eskaini dieten guztiei esker ona agertu nahi diete, baita Marokora eramateko materiala eman dieten guztiei ere. Egun gogorrak dituzte aurretik, baina bidearen gogorrean hamaika poz aurkituko dituztela badakite. «Han hemen orain 60 urte bizi ginen bezala bizi dira. Ez daukate presarik eta aldarte hori kutsatu egiten zaizu. Nik han eskuekin jaten dut eta jaterakoan nahitaez desertuko harea gogotik sartzen dut ahoan. Ez du inporta, aurretik ere bidean nahikoa hare irensten baituzu» azaldu du Martinek.
Igandean hasi eta 2.000 kilometro egingo dituzte desertuan elkartasuna eta harea dastatzen.
Ordiziatik Antxon Garciak errepikatu egingo du rallyan
Antxon Garcia ordiziarrak iaz egin zuen Pandemonium proba aurrenekoz, osabarekin, eta aurten berriro abiatzeko asmoa dute. «Abentura bat izango zelakoan joan ginen, baina askoz gehiago izan zen».
Autoa karga-karga eginda eraman zuten eta aurtengo bidaiarako eskola material gutxiago eta arropa gehiago sartuko dute autoaren maletategian: «Iaz karga gehiegi eraman genuen eta gasolina ezin botata ibili ginen». Horrez gain, eskola materiala eramatearen zentzua zalantzan jarri zuten behin Marokora iritsita, izan ere, haur asko oinetakorik gabe ikusi eta akaso arropa premia handiagoa zela pentsatu zuten. Hangoen harrera ona eta gidarien arteko giro bereziari egin die azpimarra.