Hamalau kantuko errepertorioa prestatu dute. Igartzako jauregian da saioa, 19:00etan. Aurtzakako dantzariak eta herriko hainbat musikari lagun izango dituzte oholtza gainean
Beasaingo Goizeresi txistulari taldeak bigarren urtez lekua izango du Igartza Musika zikloaren barruan. Hain ohituta ez dauden formatuan, oholtza gainean jarrita, hamalau kantuz osatutako kontzertua eskainiko dute igandean, 19:00etan, Igartzako jauregian. «Igartzakoa formatu aldetik da ezberdina guretzako, gu eta ikuslea bertan gaudelako, eta ikuslea bera txistua entzutera datorrelako. Jotzeko garaian asko antzematen da gertutasun hori», dio Goizeresiko Andoni Zaballosek. Iaz egin zuten era horretako lehenengo kontzertua eta gustura gelditu ziren emaitzarekin. Hori dela eta eskerrak eman nahi dizkiete Xabier Sarasolari eta Arantxa Gastesiri «txistuarekin gauza ezberdinak egin ahal litezkeela erakusteko aukera ematen digutelako».
Hamalau kantu
Joseba Ibargurenek zuzenduko du igandean hamar laguneko txistulari taldearen jarduna. Dena den, txistulariek lagun izango dituzte Aurtzakako dantzariak, Kristina Arias abeslaria, Julen Lopez piano jotzailea, Maddalen Sarasola zeharkako txirula jotzailea, eta Iñigo Mendia eta Oliver De Castro tronpeta jotzaileak. Euskal kantugintzako hamalau kantu prestatu dituzte:
Pello Joxepe,
Txistulariak,
Non geratzen den denbora, Hiru itsas doinu, Ilun ikarak, Mendiko soinuak, Atiarno fandangoa, Atiarno arin-arina, Atiarno biribilketa, Kaxkarot, La Pilindros, Xalbadorren heriotzean eta
Agur Jaunak. Ohi bezala, sarrera dohainik izango da.
Igartza Musika zikloaren barruan apirilaren 2an, Igartza Musikako bekadunen kontzertua izango da.
Beasainen txistuaren doinua zabaltzen
Goizeresi taldeak Udal Txistulari Bandan du jatorria; 2011 osatu zen taldea, «egoera burokratikoengatik». Hamar kidek osatzen dute taldea, «baina egoerak eskatzen duenean musika eskolakoen laguntza izaten dugu, eta guk beraiei laguntzen diegu». Urtean emanaldi ugari egiten dituzte: auzoetan, buruhandi eta erraldoiekin,danborradan, prozesioan, alardean…