Udaletxearen eraikinak Ekoscan ikuskaritza gainditu du
Aurretik ikuskaritza pasa du udaleko obra lantaldeak. Ingurumen hobekuntzak neurtzen ditu Ekoscanak. Paperaren erabilera murriztu egin dute udaletxeanIngurumen hobekuntzak egiten ari da Legazpiko Udala etenik gabe. Udaletxearen eraikinean aurreko astea...
Aurretik ikuskaritza pasa du udaleko obra lantaldeak. Ingurumen hobekuntzak neurtzen ditu Ekoscanak. Paperaren erabilera murriztu egin dute udaletxean
Ingurumen hobekuntzak egiten ari da Legazpiko Udala etenik gabe. Udaletxearen eraikinean aurreko astean azterketa egin zuten Ekoscana gainditzen duten ala ez ebazteko. Gainditu dute. Aurretik obra lantaldearen jardunaren azterketa egin zen, eta haiek ere gainditu dute.Udaletxearen eraikinean hainbat ezaugarri nahiz jardun aztertu dituzte egindako ikuskaritzan.
Elektrizitate kontsumoa jaitsi egin dela ondorioztatu dute. Kontsumoa fotokopiak egiteko gailua gauean itzaltzeko sistema automatikoa ezarri dutelako jaitsi da. Horrez gain, kontsumoaren jaitsieran eragina izan du komunetako korridoreetan presentzia detektoreak jarri izanak.
Herriko ekitaldi eta txosnetan edalontzi berrerabilgarriak erabili dituzte eta 106 kilogramo plastiko gutxiago sortu dutenez, Ekoscana gainditzen lagundu die horrek ere.
Ikuskaritzak aztertutako jardunean azpimarra egin diote 35 ordenagailu zahar gizarte enpresa bati eman dizkiotela Garbigunera eraman ordez eta enpresa horren bitartez ordenagailuak berrerabili ahal izango direla. Hortaz, 245 kilogramo hondakin elektroniko ez dute Garbigunera eraman.
Azkenik, paper kontsumoaren jaitsiera ere nabarmendu dute. Hain zuzen, %38 murriztu da eta iaz inoizko datu onenak lortu dituzte 1.000 kilotik behera paper erabili dute Legazpiko udaletxean.