Iban Matxinandiarena (Zegama, 1996) pilotariak txapelketa asko irabazi ditu azkenaldian. Tartaloetxe pilota eskolako kideen lana goraipatu du.Nolatan pilotari?Ez da inoren eraginagatik izan. Pilota eta futbola beti asko gustatu zaizkit. 16 urtera arte ...
Iban Matxinandiarena (Zegama, 1996) pilotariak txapelketa asko irabazi ditu azkenaldian. Tartaloetxe pilota eskolako kideen lana goraipatu du.
Nolatan pilotari?
Ez da inoren eraginagatik izan. Pilota eta futbola beti asko gustatu zaizkit. 16 urtera arte bi kirol hauetan federatuta egon nintzen. Bietako bat uzteko garaia heldu zenean, futbola utzi nuen. Ezkerreko hegalean jokatzen nuen, Seguran.
Nolako futbolaria zinen?
Jokalari azkarra nintzen. Zango onak edukitzea pilotan ere oso garrantzitsua da. Gainera, gaur egun aurrelari postuan jokatzen dut. Hasierako urteetan atzean aritu nintzen, baina ez nuen nahikoa indar eta aurrera pasa ninduten. Gazte mailako azken urtean pasa nintzen aurrelari izatera.
Zenbat neurten duzu?
1,78 metro neurtzen dut. Pilotan jokatzeko ez naiz oso altua, baina txikia ere ez. Egia esan, egun sekulako mutil puskak daude pilota munduan.
Zertan ikusten duzu hobetu beharra?
Errematean hobetu beharra dut. Gaur egungo piloten ezaugarriak direla eta, errematearekin min asko egiten da. Defentsan, ordea, oso ondo moldatzen naiz.
Azkenaldian txapelketa asko irabazi dituzu.
Garrantzitsuenak Zizurrekoa, Lizarrakoa eta Getariakoa dira. Zizurren eta Lizarran lau t’erdiko txapelketak irabazi nituen eta Getarian binakakoa, Arteagarekin. Profesional mailara igo diren pilotari batzuei irabazi diet: Bakaikoa, Peru Labaka, Elordi, Arteaga…
Aspekoek edo Asegarcekoek beraiekin entrenatzeko deitu al dizute?
Ez. 2013an Aspekoek deitu zidaten eta eman nuen mailarekin gustura gelditu ziren, baina ondoren eskuak izorratu zitzaizkidan. Ondoen nenbilenean, urtebete galdu nuen.
Eskuetan arazoak izan aurreko maila berreskuratzen ari zarela dirudi.
Urtebete geldirik egotea asko nabaritzen da. Orain hasi naiz lehengo maila hartzen. Oraingoz, nire helburu bakarra %100a ematea da.
Zeintzuk dira zure pilotari kuttunak?
Nire idoloa Aimar Olaizola izan da. Titin ere oso gustura ikusi dut beti. Binaka sekulako ikuskizuna eman du. Gazteen artean, Altuna eta Irribarria ditut gustukoen.
Herriko pilota eskola ere ez duzu ahazteko.
Tartaloetxe klubekoek asko lagundu didate eta eskerrak eman nahi dizkiet. Gereñuk-eta sekulako lana egiten dute. Pilotariei dagokionez, beste asko ere lan bikaina egiten ari dira: Azketa, Atxa, Elizegi, Azurmendi, Zabala… Azketa erreferentzia bat da niretzat.