Neguko barazkiak hasi dira garatzen eta berriak poliki-poliki ugaritzen ari dira. Biak dira udaberriko seinale garbienak.
Joan zen astean ez bezala, eguraldia portatu zen atzo. Garaiko lanei heltzeko prest dago jendea. Bezero dezente ingurutu zen lore eta landare postuetara. Lorei dagokienez urte ona izango den esperantza badute saltzaileek; izan ere, aurtengo neguan jarraian izan genuen izotz boladak babesean ez ziren loreak erabat hontatu zituen. Berritzeko garaia heldu da. Aukera faltarik ez da, eta bakoitzaren poltsikoaren eta gustuen arabera edozein txoko dotoretzeko nahi bezain beste mota eta kolore bada. Batzuk aipatze aldera: Huntza eta geranioa (2,25-2,5 euro), geranio pentsamendua (4,5€), surfinia (2,5€), petunia (1,1€), berbena lorea (2,8€), larrosa (5-8€), pitimini larrosa txikia (7,5€), nemesia (2,8€), izpilikua (5€), menda fina (2€), margarita (3,5), hortentsia (12€), dalia (3,5), dimorfoteka (3,5), etxeko poz ginearra (3,5), krabelina (2,6€). Hauek salduenen artean aipagarrienak, inork beste motaren bat nahi izanez gero galdetuz lortzeko modurik izango lukete. Hala ere, urtea joan urtea etorri, geranioa eta huntza dira salduenak.
Zizek ugaritzen segitzen dute. Inguruan bildutako hiru kilo salgai ziren atzo, kiloa 140 euroan. Kanpotik inguratutako on- ddoak, 25 kilo, joan zen astean bezalaxe ziren salgai: 32 euroan kiloa.
Azkenetan barazki batzuk
Baratzetako
paisaia aldatzen ari da poliki-poliki. Negutik gelditzen diren zenbat barazki garatzen hasi dira: bruselaza, aza, ziazerba edo espinaka, eskarola… Oraindik salgai ikusten dira, baina duten forman antzematen zaie gora egin nahi dutela.
Aire libreko uraza edo letxugak salgai dira txiki bezain freskoak postu ezberdinetan, baita baratxuri freskoak ere eder as-koak Juli Otegiren postuan esate baterako. Negutegi barnean bildutako ilar eta baba gutxi batzuk ere bai.
Bestalde, lur eremua garbitzen hasi da jendea ondoren sartuko dituzten piper, tomate, kuiatxo eta abarri tokia prestatuz. Gehienak udaberriko tipula landatua dute eta urtekoa aldatzen ari dira, marrubi landareak ere bai, besteak beste, aukera handia baita landarezaleen postuetan.
Adio orburuen hilabeteari
Hamabi hilabete hamabi produktu ekimenean orburuaren hilabetea errematatzeko Rubiorena jatetxeko Urki Balerdi sukaldariak orburu krema zainzuri aparrarekin prestatu du plazako sukaldean, eta dastatzera eman ere bai inguratutakoen artean.
Nafarroako Erriberatik ekarritako produktuekin segiz, atzo gari zainzuriak hasi ziren (3 euroan sorta). Bestelako zainzuri fresko ugari ere baziren aukeran, eta 6-8,5 euro artean zen kiloa salgai.
Bilera deia
Gaur arratsaldean 15.30ean D’elikatuz erakundeak Ordiziako bere egoitzan biltzeko deia egiten du. Euskal Herriko Unibertsitateko Donostiako Ekonomia eta Enpresa Fakultatean,
Tokiko nekazarien azoken eragin ekonomiko eta sozialaren azterketa Gipuzkoako elikadura estrategia baten eremuan gaia landu dute eta gaur aurkeztuko dute D’elikatuzen.Bilerara interesa duen edonor gertura daiteke. Ikerketan Ordiziako azoka hartu dute kontuan besteak beste.