Ikasketarik gabeko langabetuentzat formazio ikastaroak antolatu dituzte Beasainen

Beasaingo Udala eta Ikolan Aldibateko Lana enpresa elkarlanean ariko dira. Ikastaro espezifikoekin lan merkatuan barneratzen lagundu nahi diete herriko 618 langabetuei
Aitor Aldasoro Beasaingo alkatea eta Juanjo Gozalo Ikolaneko ordezkaria.

Aitor Aldasoro Beasaingo alkatea eta Juanjo Gozalo Ikolaneko ordezkaria.

Beasaingo Udalak «beste pauso handi» bat egin nahi du Beasainen dauden 618 langabetuak lan mundura bideratzeko ahaleginean; horretarako, herriko Ikolan Aldibateko Lana enpresarekin elkarlanean ariko da.

Aitor Aldasoro alkatearen esanetan, 618 pertsona langabeen ehuneko handi batek ez du ia ikasketarik: «Urte batzuk badira udaletik Enplegu Planak bultzatzen daramazkigunak, formakuntzarekin lotuta. Baina jakitun gara, formakuntza hori batez ere ikasketak dituzten langabetuentzat dela; ikasketa horiek indartuz lan munduratzeko ahalegin horretan ematen dira ikastaroak. Baina, zoritxarrez, gure langabetuen perfila zabalagoa da, eta asko ia ikasketa gabeak dira». Perfil horretako langabeei jarri nahi diete arreta berezia, «ezinbestekoa da horiei ere ateak irekitzea, eta horiei ere aukerak ematea lan munduan murgiltzeko».

Beraz, Ikolan enpresak, hainbat arlotako ikastaro egokitu ditu, batez ere, «eskualdeko enpresek behar dituzten langileen perfilari erreparatuz». Bestetik, 618 langabeetatik 368 emakumezkoak direnez, «emakumeei zuzendutako formakuntza ikastaro bereziak ere eskainiko dira».

Ikastaroak

Era horretan, eraikuntza eta metalgintza, lorezaintza eta nekazaritza, eta mantenimendu eta garbiketa arloko «formakuntza espezifikoko» ikastaroekin hasiko dira: prebentziorako baliabideen formakuntza, eraikuntza eta metalgintza, plataforma eta orga jasotzaileak erabiltzeko ikastaroa, zubi garabiak erabiltzen trebatzeko, autozamadun kamioiak erabiltzeko, garaieran lana egiteko, gune itxietan lan egiteko, lorezaintza eta nekazaritza lanetarako, mantenu eta garbitasun arlokoak (produktu fitosanitarioen aplikazioa), lan arriskuen prebentziorako oinarrizko formakuntza eta errepideetako ustiapen eta mantenuari buruzkoa.

Ikastaroak «orokorrean» doakoak izango dira, eta zeharkako beste hainbat gai ere landuko dituzte bertan; besteak beste, curriculum vitaea idaztea eta lana bilatzeko teknika aktiboak lantzea. Ikastaroetan parte hartu nahi duten pertsona langabeek udaletxera jo beharko dute izena ematera eta informazio zehatza jasotzera. Ikastaroak Aste Santua pasa ondoren hastea aurreikusten dute.

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend