Oianguko BTT sari nagusia jokatuko da lehenengo aldiz, maiatzaren 1ean. Lagun talde bat mendi bizikletarako pistak zabaldu nahian zebilela sortu zen proba egiteko ideia. Euskadiko Openean sartuko da.
Ilusioarekin dena posible dela esan ohi dute, eta hori da, hain zuzen ere, Goierriko gazte talde batek, BTTlandiako kideek daukatena. Ilusioari, naturaz gozatzeko nahia, kirola egiteko gogoa, umore ona eta, batez ere, ongi pasatzeko grina gehitzen dizkiote eta emaitza, Oianguko Open Euskadi BTT proba da. Maiatzaren 1ean jokatuko da lehenengo aldiz, Ordiziako Oiangu parkean eta inguruetan. «Horrelako probarik inoiz antolatu ez dugunez, lan karga handia suposatuko du honek, baina gure partetik behintzat ilusioz gainezka gaude BTT egun zoragarri batez disfrutatzeko» adieri dute Asier Otegik eta Mikel Zabalegik, BTTlandiako kideek.
Oiangun mendiko bizikletarekin ibili ahal izateko bideak zabaltzen hasi zen lagun talde hau, orain hilabete gutxi. «Guretzako bideak zabaltzen ari ginela sortu zitzaigun opena egiteko ideia» azaldu dute. Eta horrela, «saltsa honetan» sartu ziren ia konturatu gabe.
Zirkuitua nondik nora
Hilabete eskas gelditzen da egun handirako eta antolatzaileek jadanik zehazturik dute Oianguko sari nagusia. Euskadiko Openerako puntuagarria da, nahiz eta Otegik eta Zabalegik «lan asko» kostatu zaiela aitortu. Proba antolatzeko baimenak lortzen denbora asko joan zaiela esan dute. Ibilbideak 6,5 kilometroko luzera izango du eta 260 metroko desnibel positiboa. «Zirkuitu gogorra» izango dela aurreratu dute, eta jetsiera tekniko batzuk ere izango ditu.
Goierriko parkinetik aterako dira txirrindulariak maiatzaren 1ean, Oiangu aldera jo eta ba-soan buelta batzuk emango dituzte parte hartzaileek. Lazkaomendira igoko dira ondoren eta handik, Ordiziako Jakintza ikastola atzeko basora jaitsiko dira, Oiangu ingurura igoko dira berriz eta handik, Altamirara. Azkenik, Oiangura egingo dute berriro ere eta hantxe egongo da helmuga.
Lehenengo aldiz egingo duten proba izan arren, «parte-hartze handia» espero dute BTTlandiako kideek. «200 bat txirrindulari inguru etortzea» espero dutela argitu dute. «Mendiko bizikletaren munduan garrantzitsuak» diren hainbatek dagoeneko Oianguko proban egongo direla ziurtatu dute. Martxoan hasi den Euskadiko Openean parte hartzen ari diren txirrindulariak dira.
Oianguko proban parte hartu nahi duenak «konpetizioko lizentzia izan beharko duela adierazi dute BTTlandiatik, eta izen-emateak egunean bertan egingo direla. Federatuak izan behar dutenez, proba bera antolatzeko Txapelgorri txirrindulari taldearen laguntza jasotzen ari dira eta «oso eskertuta» daude «hau guztia posible egiten laguntzeagatik»
Probaren helburuak
Mendi bizikleta zaletu amorratuak dira BTTlandiako kideak, nahiz eta orain urte gutxi hasi ziren kirol horretan. Jende guztiarekin elkarbanatu nahi dute duten afizioa eta horregatik, «Oianguko probaren bidez, BTTa ezagutzera ematea da helburu nagusia». Emozio berriak behar dituzten pertsonak dira, geldi egotea gustuko ez dutenak, eta horregatik gauza asko eskaintzen dizkie kirol horrek. Sentipen horiekin «gainontzeko guztiak ere kontagiatu» nahi dituzte. Horregatik, maiatzaren 1ean jendez bete nahi dute Oiangu, «ez txirrindulariz bakarrik, gainontzeko herritar guztiak ere gonbidatu nahi ditugu Oiangun egun zoragarria pasatzera».