Beñat Iturriotz eta Maialen Ugalde goierritarrek irabazi dute Lazkaoko I. Trikiti Txapelketa
Lazkaon gaur arratsaldean jokatu da I. Trikiti Txapelketa, Lazkao Txiki Musika Eskolaren 4. kultur astearen barruan. Zortzi bikotek parte hartu dute, trikiti eta pandero. Bakoitzak hiru pieza jo behar izan ditu: trikitia, porrusalda eta fandangoa edo arin-arina. Kristina Peña eta Amaia Artza izan dira epaile.
Txapeldun Beñat Iturriotz beasaindarra eta Maialen Ugalde segurarra izendatu dituzte, 16na urteko gazteak. Kurioski, Ugaldek bakarrik hartu du txapela, sariak eman dituztenerako Iturriotz ez baitzegoen han, bidaia batean irten beharra zeukalako, trikitia jo eta berehala.
Bigarren Naroa eta Oihane Zubiria berastegiarrak sailkatu dira, eta hirugarren Ane Etxezarreta olaberritarra eta Sara Iriarte billabonarra.