Perun El Niño fenomenoak eragindako hondamenari aurre egiteko kanpaina antolatu du peruar-ordiziar talde batek, Ordizian, bihar, asteazkena. Azoka eguna aprobetxatuz, Kale Nagusian, udaletxe aurrean, Peruko jaki tipikoak jarriko dituzte salgai, dirua ...
Perun
El Niño fenomenoak eragindako hondamenari aurre egiteko kanpaina antolatu du peruar-ordiziar talde batek, Ordizian, bihar, asteazkena. Azoka eguna aprobetxatuz, Kale Nagusian, udaletxe aurrean, Peruko jaki tipikoak jarriko dituzte salgai, dirua biltzeko asmoarekin.
Jose Miguel Santamaria alkateak eta Iñaki Dubreuil Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak, «herritarrak ekimenean parte hartzera» deitu dituzte. «Arrakasta handia izango duen ekimena» izango dela adierazi dute, «ordiziarrek duten izaera solidarioagatik». Gainera, udalak kooperazio programatik, larrialdietarako diru kopuru bat bideratuko duela ere esan dute. Udal ordezkariek argitu bezala, «ekarpen bikoitza izango da; Perurako 2.500 euro eta beste 2.500 euro, egoera bera bizitzen ari den Kolonbiara bidaltzeko izango da».
Caritasek ere bat egin du ekimenarekin eta proiektuen bitartez laguntzak kudeatuko ditu. Horretaz gain, «lagundu nahi duenak, Euskadiko Kutxan edota Kutxabanken, zertarako den adierazita, diru sarrera» egin dezakeela adierazi dute.
Euriteen eragina
Urtarrilean hasi zen hondamendia, ipar-ekialdeko kostaldean, Piuran, eta, handik Trujillora eta hegoaldera zabaldu zen, herrialde osoan zirrara eta kolapsoa eraginez. Azken datuen arabera, 90 eta 100 inguru pertsona hil dira, hogei desagertu eta ia 400 zauritu. Orotara, 700.000 kaltetu baino gehiago izan direla diote gobernuko iturriek. Kalte materialak ere handiak izan dira; 141.000 etxebizitza inguruk jasan dituzte kalteak.
Lima hiriburua bera ere ez da onik atera hondamendi honetatik; 5.000 etxebizitza inguru suntsituta daude, eta ia 25.000 pertsonari egin diete kalte uholdeek. San Juan de Lurigancho, Chaclacayo eta Chosica barrutiak izan dira kalte gehien jasan dutenak.