Iñigo Altzola eta Oihana Arratibel izan dira irabazle Gabiriako Leharrei proban
Iazko denbora eta parte-hartze marka guztiak hautsi dituzte. Learregi aldapa azkarren Beñat Katarain zegamarrak igo du. Goierriko Trail Kopan lider Igartzabalek eta Calvillok segi duteGabiriako Leharrei mendi lasterketaren bigarren ekitaldiak estreina...
Iazko denbora eta parte-hartze marka guztiak hautsi dituzte. Learregi aldapa azkarren Beñat Katarain zegamarrak igo du. Goierriko Trail Kopan lider Igartzabalek eta Calvillok segi dute
Gabiriako Leharrei mendi lasterketaren bigarren ekitaldiak estreinakoaren errekor denak txiki utzi ditu. Gizonezko nahiz emakumezko irabazleen denbora-markak, parte-hartzea eta azken Learregi aldapako igoera bereziak, denak ondu dituzte. Larunbat goizean jokatu zen, euri-pean. 173 lagun irten ziren, eta batek ez beste denek —lesioagatik— amaitu zuten.Iñigo Altzola arrasatearrak (26 urte) irabazi du II. Leharrei (2:00:44). Buruz buruko ikusgarria izan zuen iazko garaile Juanjo Igartzabal zumarragar-aztiriarrarekin (2:00:49). Hustuta, dena emanda iritsi zen Altzola.
Bi aurrenekoek iazko denbora ondu dute. Igartzabalek 2:04:53an geratu zuen erlojua 2016an. Hirugarren, Jose Maria Bernedo eibartarra izan da, jada sei minutu atzerago (2:06:55).
Emakumezkoetan, Oihana Arratibel ordiziarra izan da onena (2:29:58), bigarren Elena Calvillo beasaindarra (2:39:22), eta hirugarren Itziar Andueza herkidea (2:40:24). Laida Elizegi iazko garailea ez zen irten, belauneko tendinitis batengatik.
Irabazlea, debutari
Altzolak aurreneko Leharrei proba zuen. «Aurtengo lehenengo mendi lasterketa ere bai, gainera. Eskiatzen ibili naiz, eta aurreko astean itzuli nintzen. Beraz, eguraldi euritsu eta fresko hau niretzat oso ondo etorri da».
Orain dela lau-bat urte hasi zen mendi lasterketetan, «azken hirurak proba serioetan». Gorantz ondo ibiltzen dela erakutsi du. «Jaisten igerri da oraindik ondo hartu barik daukadala martxa; bi aldiz jausi naiz».
Hain justu, Igartzabalek beherantz eman zion gerra. Biak ibili ziren lasterketa buru, 5. kilometrotik bakarrik. «Aldapan gora ni baino puntu bat gehixeago izan da Iñigo. Lauan eta behera, ni hobetoxeago. Lastima lasterketa hau aldapa gora bukatzen dela. Bere bereizgarrietako bat ere horixe du eta», zioen Igartzabalek.
Otañun (azken tontorra, helmugakoaren aurretik) minutu bateko aldea zeukan Altzolak. Beherakoan harrapatu zuen Igartzabalek, eta batera iritsi ziren 24. kilometroko marrara.
Bigarren postuarekin ere konforme zen zumarragarra: «Aurpegi onarekin iritsi naiz, bihar ere korrika egiteko moduan».
Arratibel, nesketan
Emakumezkoetan, Arratibelek errazago izan zuen, 10 minutuko aldea atera baitzion Elena Calvillori. Bigarren Leharrei zuen, «baina ez nuen espero irabazterik». Iazko denbora 20 minutu hobetu du, eta gustura zen.
Korrika lau-bat urte daramatza. «Lehengo urtean proba luzeak egin nituen; aurten kilometro gutxiago sartzen eta motzagoak egiten ari naiz. Tolosako mendi maratoia du begiz jota, ekainean; uztailean, Marimurumendi.
Learregi aldapa azkarren Beñat Katarain zegamarrak igo du (5:11 minutu), marka jarrita. Ternuaren jaka berezia jaso zuen sari. Goierriko Trail Kopan ez da lider aldaketarik: Igartzabalek eta Calvillok segitzen dute buru.