Jaiak musika sexistarik gabe ospatzeko tailerra antolatu dute Legazpin
Hilaren 29an hasiko dira aurtengo Santikutz jaiak, larunbatarekin. 12:00etan irakurriko dute pregoia udaletxeko balkoitik eta Legazpiko festa nagusiak maiatzaren 4ra arte luzatuko dira. Udalak Legazpiko festak, musika sexistarik gabe tailerra antolatu ...
Tailerra etzi izango da, hilak 6, ostegunean. Lahia Nahia elkarteak gidatuko du eta 17:00etatik 19:00etara izango da udaletxeko batzar areto nagusian. Tailer honetan parte hartzeko izena eman behar da bihar Legazpiko Kultur Etxeko telefonora deituta: 943 73 72 02.
Ekimena eraso sexistak eta sexualak saihesteko eta herritarrak sentsibilizatzeko kanpainaren baitan antolatu dute; hain zuzen, Beldur Barik programaren barruan.
Jai Eragileen taldean parte hartu nahi duten legazpiar guztiei ere deialdia egin diete, bide batez. Apirilaren 10era arte, astelehena, izena eman dezakete kultur etxean. Izena ematen dutenekin bilera egingo lukete ostean.
Protokoloa
Legazpiko Jai Eragileen taldeak protokolo bat osatu du jaien harira. Helburua jai eremuak emakumeentzako eremu askeak izan daitezela da. Eremu hauek seguruak izan daitezen taldeak aurretiaz prebentzio lan bat burutuko du. Emakumeek erasoak jasanez gero, bere komunitateak eraso horri erantzungo diola jakitea nahi dute.